_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Hezkuntza eta kulturaren alde

'Munduan hizkuntza asko galtzen ari da, baina hizkuntza politikak aldatuz gero gauzak zuzendu daitezke'

Hamar urte pasa dira 1991. urtean Unesco etxea-Euskal Herriko Unesco (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea) zentroa sortu zenetik.

Hamar urte hauetan asko izan dira gobernuz kanpoko erakunde honek martxan jarri eta garatu dituen programak eta asko dira, baita ere, etorkizunari begira aurrikusita dituen helburuak, besteak beste, Munduko hizkuntzei buruzko txostena edota abenduan egingo den nazioarteko Boluntariotza Kongresua.

Horiek guztiak hezkuntza, bake kultura, ingurugiroa, lankidetza edota herri indigenekin elkarlanean aritzeko proiektuak, esparru horiek jorratzen baititu Unesco etxeak helburu nagusi batekin, Unescoren printzipio eta jarduerak Euskal Herrian bultzatzea. Edo beste era batera esanda, bakea, tolerantzia, nazioarteko lankidetza, ingurugiroa eta gizabidezko heziketa eraikitzea.

Unescon aurkeztutako Jacques Delors txostena hemen nola gauzatu aztertu da

Ehun milioi pezetatik gorako aurrekontua kudeatzen du urtero gobernuz kanpoko erakunde honek eta garatu beharreko proiektuen arabera jasotzen du diru laguntza, Unesco berak emana, Europako elkarteak, Espainiako gobernuak edota Euskadin bertan Jaurlaritzak, Aldundiek edota enpresa pribatuek jarritakoa Paul Ortega Unesco etxea elkarteko presidenteak argitu bezala.

Euskal Herrian burutzen ditu Unesco etxeak bere programak nagusiki eta, ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak eta Unescok berak akordioa sinatu dute programa horiek martxan jartzeko.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Munduko hizkuntzak

Unesco etxea une hauetan Munduko hizkuntzei buruzko txostena prestatzen ari da, segur aski abendurako prest izango den txostena eta Unescok argitara emango duena erakundeko programa ofiziala baita.

1996. urtean Hizkuntza Politikarako kongresua egin zen Bilbon eta orduko kongresu hartan du jatorria Unesco etxea orain egiten ari den Munduko hizkuntzei buruzko txostena. Belen Uranga da Idazkaritza Teknikoko arduraduna eta bere esanetan txostena beharrezkoa da hizkuntza asko galtzen ari delako, 'hizkuntzak galtze hori abiadura ikaragarrian gertatzen ari den zerbait da eta hizkuntza politikak aldatuz gero gauzak zuzendu daitezke. Horren diagnosia egin nahi dugu, horren berri eman eta gauzak aldatzeko gomendioak edo ideiak eman'. Hori da Belen Ugarteren hitzetan helburua.

'Lehenengo urratsa inkesta erraldoi bat egitea izan zen datu soziolinguistikoak eta demografikoak lortzeko. Bi, hiru edo hizkuntza gehiago hitz egiten dituzten elkarteetara jo genuen 40 galderez osatutako inkesta horixe egitera' argitu du Belen Urangak.

Inkesta honen bidez mundu osoko 1.000ren bat hizkuntza ezberdinei buruzko informazioa jasotzea posible izan da. Ondoren informazio hori aztertu eta datuak informatizatu egin dira.

'Munduko 40en bat adituekin harremanetan gaude eta aditu horiek gai konkretuei buruzko artikuluak idatzi dituzte' Belen Urangak argitu bezala. Azken emaitza Unescok liburu moduan argitara emango du.

Bestalde, Nazioarteko boluntariotzaren urtearekin bat eginez Nazioarteko Boluntariotza Kongresua egingo da Gasteizen abenduaren 12, 13 eta 14ean Unesco etxeak antolatuta. Boluntarioen lana bultzatu egin behar dela dio Paul Ortegak eta egingo den kongresua benetan zita garrantzitsua dela uste du Unesco etxeko presidenteak. 'Izen ospetsuak izango dira gurekin batera kongresu honetan, besteak beste, Federico Mayor Zaragoza, Unescoko Idazkari ohia' Paul Ortegak aurreratu duenez.

Euskal kulturaren abiadura berriak izeneko tailerra egingo da Boluntariotza kongresuaren barne eta Jon Sarasuak eta Patxi Juaristik hartuko dute parte, besteak beste. Bertan euskal kulturaren konpromisoa aztertuko da.

Hezkuntza

Hezkuntza altxor ezkutua izeneko liburua aurkeztu zuten Unesco etxeak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak orain bi urte. Jacques Delors-en zuzendaritzapean egindako txosten hori gure artean nola gauzatu aztertu du Unesco etxeak eta horretarako hausnarketa foroa sortu zen Hezkuntza sailaren lankidetzaz.

'Irakasle eta hezkuntza munduko adituen artean sortutako hausnarketa foro horretatik atera da jada kalean den Hezkuntza solasgai Unescoren Hezkuntza altxor ezkutua txostenaren harian liburuxka' Paul Ortegak azaldu duenez.

Luis Mari Naya Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak zuzendu du eztabaida taldea eta taldearen lanari esker kaleratu den liburuak Jacques Delors txostenaren gai garrantzitsuenak biltzen ditu eta horien inguruan egindako hausnarketak ere.

Liburuaren bederatzi ataletan zehar hezkuntzaren alderdi ezberdinak aztertzen dira, bizitzan zeharreko hezkuntza, oinarrizko hezkuntzatik unibertsitatera, kohesio soziala edota hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko politikak dituen eginkizunak, besteak beste.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_