_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Ukiezinaren garrantzia

Euskaltasuna "sentitzeko" erakusketa hartu du Koldo Mitxelenea Kulturuneak

Teknologia berriek erraztasun handiak eskaintzen dizkigute garenaz gogoena egiteko. Sineste horretan funtsatuta abiarazi zuten Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Koldo Mitxelena Kulturuneak Batekmila izenburuko multimedia erakusketa ibiltaria. "Alabaina, ohiko irudi topikoetatik haratago, erakusketa garaikidea egin nahi izan dugu forma eta edukiei dagokienez", azaldu du Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendariak.

Batekmila erakusketa euskaltasunaren inguruan dauden autokontzientzia desberdinen erretratua da, "bertakoa eta unibertsalaren arteko zubia alegia", munduko euskaldunen mundu-ikuskera anitzak iradokitzen dituen diziplina-arteko kaleidoskopioa.

"Mugaz gaindiko produkzio honen bitartez, argi utzi dugu Iparraldean ere gai garela era honetako proiektuen bultzatzeko", azpimarratu du Etchegoinek. Erakusketa, besteak beste, Eusko Jaurlaritza eta Unescoren frantses batzordearen babesa du.

Donostiara iritsi aurretik -azaroaren 17ra arte bisita daiteke Koldo Mitxelena Kulturunean-, Baionako Carré Bonnat erakustokian jarri zuten ikusgai ekainetik irailera bitartean. Hasiera-hasieratik, antolatzaileek igurikatutako marka guztiak gaindituz joan da, eta antzeko zerbait gertatu da erakusketaren webgunearekin (www.batekmila.com) ere.

"Gure helburua ez da izan neholaz ere proselitismoa egitea, baizik eta bidaia sentikor bat planteatzea erakusketa ikustera hurbiltzen diren guztiei", argitu du Etchegoinek. Horretarako, era honetako muntaietan esperientzia zabala duen Strasbourgeko Anamnesia enpresari enkargatu zioten eszenografia diseinatzea. "Teknologiak eskaintzen dizkigun baliabide guztiak erabili ditugu, ikusleen parte-hartzea eta interaktibitatea sustatzeko", ziurtatu du EKEko zuzendariak.Erakusketak euskara, hizkuntzaren paisaiak eta euskal kultur adierazpide nagusiak laburbiltzen ditu. Ildo honetan, Pirinioen magalean eta Bizkaiko Golkora begira bizi diren euskaldunen bizipenak ez ezik, diasporan bizi diren euskaldunen testigantzak ere bildu ditu.

"Jendea mintzaraztea izan da erakusketaren beste helburuetako bat, nork bere kezkak, istorioak eta bizipenak konta ditzan", zehaztu du erakusketaren arduradunak. Lekukotasun horiek guztiak euskaraz, espainieraz, frantsesez eta ingelesez eskaintzen dira, jatorrizko mintzairan eta azpitituluekin.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Muntaia eszeniko honek 120 euskal kantu zahar eta berri, erakusketarako ekoitzitako erreportajeak eta multimedia-instalazioak, liburu zaharretatik ateratako testuak, euskarazko SMSak, dantzak, ipuinak, bertsoak, doinu garaikideak eta "euskal uhartediaren" aberastasuna islatzen duten beste zenbait adierazpide eskaintzen ditu.

"Ziur gaude euskal kultura elkarren erreferentzia bilaka daitekeela hemen bizi garen guztiontzat, baina horretarako erakargarria eta hurbil-erreza bilakarazi behar da", adierazi du Etchegoinek.

Erakusketak bi hilabete egingo ditu Koldo Mitxelena Kulturuneko ganbaran, baina antolatzaileak harremanetan hasi dira dagoeneko beste hainbat erakunderekin -Bilboko Euskal Museoa eta Getxoko Kultura Aretoa tarteko direla-, egungo euskaltasunaren inguruko gogoeta teknologiko hau ahalik eta leku gehienetara eramateko asmoz.

"Euskal munduei buruzko erakusketa denez gero, Batekmila Parisera, Bartzelonara, Bordelera, Strasbourgera eta nazioarteko beste hiri batzuetara ere eraman nahi dugu", azaldu du Etchegoinek.

Batekmila EKEren izen bereko programa zabal baten emaitza da, egungo kultur aniztasunaren erdian euskara eta euskal kulturaren balioak sustatu eta sendotzea helburu duena.

EKE 1990 urtean sortu zen, eta harez geroztik, Pirinioez bestaldeko kultur elkarte eta erakundeen arteko sinergiak landu ditu, euskararen normalkuntza bultzatu eta sorkuntza artistikoa oinarri duten era guztietako ekimenak sustatzeko asmoz. 1998tik 2003ra bitartean, herri musikarekiko atxikimendua suspertzea xede zuen Kantuketan izenburuko programa abiarazi zuen. Bere arduradunaren esanetan, "helburua ez da proselitismoa egitea, baizik eta euskaltasuna egungo munduan zer den ulertzeko aukera eskaini".

Kaosetik unibertsora

Batekmila erakusketaren hasieran, soinuz eta kolorez zipriztindutako paisaiak ageri dira Mugiltzea: bidaia libreta esparruan. Kaos antolatu batean, aurpegiak, hiri eta herrietako irudiak, ekonomia ekintzak, kirolak, testu-zatiak, mezu elektronikoak eta "egunerokotasunaren behako orokorra" osatzen duten beste osagai batzuk aurkituko ditu bisitariak.

Hortik, Kultura topaketak modulura iristen da. "Hemen, lehengo eta oraingo euskal kultura praktika desberdinen ezagutzeko parada dago", esan du Etchegoinek.

Euskal kultura nortasunaren bizipenak esparruan, hemengo eta itsasoaz haraindiko euskaltasunaren oihartzunak bildu dira, paisaia desberdinetako euskaldunen testigantzetan oinarrituta. Unibertsaltasuneranzko urrats honetan, Chillida eta Oteiza ere ageri dira. Amaitzeko, bisitariak euskal munduen mapa, euskal kantuen unibertsoa eta euskararen doinu desberdinekin josta daiteke Mediatekan.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_