_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Bost aholku

Euskal idazleok zorioneko gaude: laster jarriko da abian ditxosozko Etxepare Institutua eta horrek esan nahiko du, besteak beste, etengabe hasiko garela atzerrira bidaiatzen, herrialderik urrun eta ignotoenetan gure arte-jardueraren emaitza oparoak erakusteko helburuarekin.

Euskal idazleak, ordea, eta salbuespenak salbuespen, ez du bere ekintza-eremua abandonatzeko ohitura handirik (beti ere kontuan hartuta eremu hori idazlearen amaren sukaldearen berrogeita hamar kilometroko inguruan egon ohi dela, ggb), eta are gutxiago hala Aturriko nola Ebroko muga zurrunbilotsuak zeharkatzekoa, eta, beraz, ez dagoela bereziki trebatuta atzerrian boloak egiten. Egoera berri horri ganoraz egin diezaion aurre, honoko aholku xume hauek biltzeko lana hartu dugu:

1- Gertatzen zaion ororen aurrean harrituaren aurpegia ez jartzen saiatuko da atzerrira doan euskal idazlea. Bere hitzaldi edo errezitaldira agertzen den pertsona kopuruak Euskal Herriko kultur etxe eta enparauetan agertzen zaizkion ohiko 8 entzuleena (antolatzaileak eta familiakoak barne) gainditzen duela? 15era iritsiz, adibidez? Ekitaldiaren aurkezleak idazlearen lanari buruz informatu samar dagoela dirudiela? Saioaren ondoren, afariaz gain, diru kopuru duin batekin ordaintzeko imintzioa egiten diotela? Ba idazleak ez du txundidurarik edo espanturik aditzera eman dezakeen gihar-mugimendurik egingo, eta naturaltasun handienaz onartuko du mota horretako edozein berritasun.

2- Atzerrira doan euskal idazleak gogoan hartu behar du bere buruaren ordezkari ez ezik, herri oso batena dela, eta ez du aukerarik galduko, galderen aurrean batik bat, gure aberriaren mirariei buruz hitz egiteko, hala nola gure mendi ederrez, gure baso oparoez, gure baserri zuri-gorriez, gure kai pintoreskoez, gure baseliza kutunez, gure baserritar eta arrantzale jator bezain zoliez, edota gure tradizioen oinarrizko jakinduriaz. Ez du merezi mundu industrial, postindustrial edo hiritarraz tutik ere esatea, salbu eta Arrasate inguruko mugimendu kooperatibista aipatzeko, noski, zeina erraz lotu baitaiteke gure mendi eder, baso oparo, baserri zuri-gorri eta abarrekin.

3- Ildo horretan, idazleak ez du ahaztuko euskararen antzinatasunari, ñimiñotasunari eta edertasun intrintsekoari buruzko aipamen ugari egin behar dituela, historian Paleolitoraino atzera eginez (gutxienez); ahozkotasunaren laudorioa, norberaren obran duen eragin atabikoa, eta are bertsolaritzaren inguruko iruzkin kuriosoak ere ongi etorriak izango dira. Testu batzuk euskaraz irakurtzea ezinbestekoa izango da, ahal dela itzulpenik gabe: berdin dio audientziak tutik ere ulertzen ez badu, euskararen esentzialtasuna(k) harrapatuko baitu inolako zalantzarik gabe.

4- Gure muga babesleetatik kanpo dabilen euskal idazleak ondo kontuan izango du berarentzako ez dela existitzen euskal literatura garaikiderik: bera izango da, bisitatzen dituen tokietan, euskal literatura garaikide guztia. Ez du, ondorioz, egile bizi (eta, beraz, lehiakide posible) bakar bat ere aipatuko, salbu eta (audientziak ezagutu dezakeela susmatuz gero) Bernardo Atxaga, eta hori ere gain-gainetik (Atxaga bera, jakina, salbuetsita dago horretatik). Beldurrik gabe biderkatuko du, ordea, literatura unibertsaleko bere erreferenteen zerrenda, batez ere dagoen herrialdeko idazleen izenekin hornituz (baina pasatu gabe: ezer baino lehen, sinesgarria izaten saiatu behar du).

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

5- Audientzia ondo haztatua izan beharko du atzerrian dabilen euskal idazleak, kontu politikoei buruzko galdera iristen denerako. Ondoren hiru aukera dauzka: a) publikoa mendebaldeko demokrazia ereduaren eusle zintzoa izan daitekeela susmatuz gero, bere balizko abertzaletasuna apaldu, eta Gesto por la Paz eta Jaurlaritzaren jarreren arteko diskurtso bat eratuko du, beti ere Ermuko Foroarena bezalako muturreko jarrerak saihestuz; b) publikoa ezker erradikal samarreko, okupa motako edota euskal etxeetako jendeaz osatuta badago, zalantzarik ez: Telesforo Monzon berpiztu bat baino abertzaleago agertuko da; c) ez badago entzuleriaren bataz besteko osaketa ideologiko-afektiboaz oso ziur, eraman dezala gaia gure mendi eder, baso oparo, baserri zuri-gorri eta abarren aldera, eta komenta diezaiola publikoari ea galdera edo iruzkin gehiago dagoen, galdera edo iruzkin gehiago nahi ez duenaren aurpegia ipiniz.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_