_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Hazten ari den interes akademikoa

Munduan euskal ikasketak ematen dituzten unibertsitateak ugaritu dira azken urteotan

Euskal Gaiek leku txikia dute munduko unibertsitateetan, baina urtez urte presentzia handiagoa bereganatzen ari dira. Euskadi eta Nafarroatik kanpo, 25en bat unibertsitatek dituzte gaiei horiei eskainitako ikasketak; horietako gehientsuenak euskal erakundeekin izenpetutako hitzarmenen bidez sortu dira azken urteotan. Horrez gain, orain arte zegoen euskal ikasketen zentro bakarrari, beste bi gehitu berri zaizkio Frankfurt eta Boisen (AEBetako Idaho estatuan).

Literaturaren alorrean, Bernardo Atxagaren lanaren zabalkundeak zerikusia izan du euskarazko letrekiko interesarekin. Hala ere, hori ez da eragina izan duen faktore bakarra. "Ingalaterran interes handia dago euskal gaiei buruz batez ere zinemagatik, Julio Medemen lanak arrakasta handia baitu zirkuitu independientean, baita Guggenheim museoarengatik ere", dio Nerea Arruti Aberdeeneko (Eskozia) Unibertsitateko Euskal Ikaskete alorreko literatura irakasleak. Berarekin bat dator New Yorken euskal zinemari buruzko ikerlanak zuzentzen dituen Jaume Marti-Olivella irakaslea. "Hemengo ikasleen artean izenik ezagunenak Oteiza, Chillida eta Bernardo Atxaga dira, eta zinema arloan, Julio Medem eta Alex de la Iglesia", dio aditu honek.

Más información
Oinarrizko testuak sortzen

Aberdeeneko Unibertsitateak bi adarretan banatu ditu euskal gaiei buruz eskaintzen dituen ikasketa zikloak. Batetik, literaturari buruzko ikasketak ditu. Bertan, Bernardo Atxaga eta Unai Elorriagaren lanak dituzte erreferentziatzat. Hala ere, gaztelaniaz idatzi duten euskal idazleen lanak ere ezagutzen dituzte ikasleek, ziklook Hispaniar Ikasketen adarra baitira. "Horrela, dauden ikuspuntu desberdinez konturatzen dira ikasleak", dio irakasleak.

Lankidetza programak

Eskozian irakasle talde baten ekimenez sortu dira zikloak. Baina gainerako unibertsitate gehientsuenek euskal erakundeekin izenpetutako elkarkidetza hitzarmenen bidez sortu dituzte. Lektoretza programen bidez, euskal unibertsitateetan hezitako irakasleak bidaltzen dituzte euskal gaiekin lotutako gaiak irakastera. "Datorren ikasturtean Vancouverrekin sinatuko dugu beste akordio bat, eta laster beste horrenbeste egingo dugu Viginia eta Txekiako beste hiru unibertsitaterekin", azaldu du Lorea Bilbao Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak. Hitzarmen hauen bidez, 1.500en bat ikasle ari dira gaur egun, Kultura Sailaren datuen arabera. Batzuek hizkuntza bera ikasi dute eta horretan aitzindari izan zen Poznaneko (Polonia) Adama Mickiewicza Unibertsitatea. Hasieran ikasleek "hizkuntza arrarotzat" ikusten zuten, bertan eskolan hartu ondoren euskara irakasle gisa aritu zen Adam Zawiszewskiren hitzetan. "Baina garrantzitsua da horrelako hizkuntza bat, non eta Polonian ikasteko aukera izatea".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Ikasketa zikloak garrantzitsuak izanik, ikasketa zentro berezituek aipamen berezia merezi dute atal honetan. Joseba Zulaika irakasleak zuzentzen duen Renoko Euskal Ikasketen Zentroari beste bi gehitu zaizkio azken urteotan. Lehenbizikoa, Boiseko Pete Cenarrusa Center for Basque Studies da. Ikerlanak eta ikasketa zikloak antolatzen ari da zentro hori, urte askotan jatorri euskalduneko inmigrazio handia jaso zuen estatuan. Europan, Frankurteko Goethe Unibertsitateak (Alemanian dagoen handienetakoa, 36.000 ikasle eta 3.000 irakaslerekin) beste bat sortzeko lehenbiziko urratsak eman ditu. "Frankfurten egotea, Europa erdialdean, garrantzitsua izan daiteke, erakarpen gunea baita, bertan antolatzen den liburu azokarengatik nahiz beste hainbat faktorerengatik", dio bertako arduradunetako batek, Christian Münch Hizkuntza Erromanikoetan doktoreak.

Frankfurteko ikastegia sortzeko proiektua 2001ean sortu zen, Wilhelm Von Humboldt bidaiari eta historialari alemana omentzeko Durangoko Liburu Azokak antolatu zuen ekitaldi batean. "Egun abian den proiektuaren lau adarrak sortzeko ideia eman ziguten. Lehenbizikoa Euskal Liburutegia da, orain arte horretaz hitz egin da gehienbat", gogora ekarri du doktoreak.

Biblioteka horrek 1.200 ale ditu, euskal gaiekin lotutako hainbat arlotan banaturik, literatura eta historia, besteak beste. Bertako fondo bibliografikoak Interneten kontsulta daitezke, www.ub.uni-frankfurt.de helbidean. Liburutegia sortzeaz gain, ikastaroak, hitzaldiak eta ikasle trukeak antolatzen ari dira, unibertsitateko lau institutuk (Hizkuntzalaritza, Zientzia Politikoak eta Hizkuntza Erromanikoak) bultzatutako proiektuan.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_