_
_
_
_
_
Tribuna:
Tribuna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las tribunas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Leku gutietsiak BERNARDO ATXAGA

Urteak behar izan nituen leku gutietsi batean hazia izan nintzela ulertzeko. Hasieran, haurtzaroko egunetan eta, bai nire herria eta bai haren inguruko mendi baserriz beteak munduaren alde eder bat iruditzen zitzaizkidan, eta bertan nagusi zen bizimodua, berriz, eduki zitekeen bakarretakoa. Gainera,orduko denbora hark ustegaberik gabeko gurpila batek bezala aurreratzen zuen, aukera berberak behin eta berriro eskainiz, eta erregulartasunak areagotu egiten zuen mundu eta bizimodu haien sendotasuna: udako egunetan igeri egitera joaten ginen ibaiaren urbilduetara, eta igeri egin eta gero amuarrainetara edota txori habiak bilatzera; negukoetan, eskolako orduak nagitasun handiz bete eta gero, mendira jotzen genuen elurretan ibiltzera, edo bestela, berriro ere, txori harrapaketari ekiten genion zepoak behien kaka pustiletan gordez. Aldian behin, haurraren soiltasuna urratuz zihoakigunarekin batera, sumatu egiten genituen inguruan, ezkutuko armiarma batenak bailiran, gogortasunaren, erruki ezaren edo krudelkeriaren hariak, eta izutu ere egiten ginen heriotza aurrez aurre jartzen zigutenean, mattaderara eramaten gintuztenean, kasu, eta han txekorra zerraldo erortzen ikusten genuenean, edo zepoan harrapatutako txoriaren moko indargea erakusten zigutenean. Baina gertaera dramatiko horiek ez zituzten uste onak zapuzten; gure mundua ederra zen; gure bizimodua beste leku guztietan bezalakoa, bereizgarririk gabea, unibertsala. Zenbaitetan, hori bai, atzerritar batzuk herrira etortzen zirenean, eta fotografiak egiten zizkigutenean, sortzen zitzaigun dudaren bat, zergatik begiratzen ote zuten zeharka, zergatik horrenbeste komedia eta erretratatzeko makina. Guztiarekin,kezka hura ere berehala desegiten zitzaigun. Irudi xamur batekin esateko, iltzea egurrean bezala geunden gure munduan sartuta, eta ez ginen Bestearen begirada ulertzeko gai. Leku gutietsia, gurea? Inork esan baligu, erotuta zegoela pentsatuko genuen. "Behi kiratsa daukak" Ezinezkoa da, ordea, haurtzaroko egurrean sartuta geratzea, eta nahikoa izan zitzaigun berritik atera eta hiriko ikastetxe batean matrikulatzea Bestearen begiratu harekin egokitu eta egiaren bigarren aurpegiaz jabetzeko. Egun batean ikastetxeko prefektoa izango zen, soinketa saio batean azaldu eta "etor daitezela herri ttikietako morrosko horiek ehun flexio egitera" esanka; hurrengoan, ikaskide haserreturen bat "behi kiratsa daukak" botaka; hurrengoan, ikastaro bukaerako jaialdira etorritako komikoa, baserritar kirtenen kontutxo irrigarrien artean zure aitaren herrian gertatukoa edo -"hangoak bai direla astakiloak"- aipatuz. Argitasuna berehala etorri zen gure gogora: ez ginen, aurrez pentsatu bezala, munduko beste edozein ume bezalakoak, baizik eta irrigarri, atzeratu, azken. Hori zioen Besteak, eta gutietsi egiten gintuen. Ginen lekukoak ginelako, gutietsi. Hiztegi ideologikoen zale direnek ondo dakiten bezala, hiri edo burgoz kanpoko jendeak oso tratamendu txarra izan ohi du maiz, eta horregatik dira sinonimoak, gazteleraz batez ere, kulturagabea eta aldeanoa, analfabetoa eta errurala, nekazaria eta baldar ergela, palurdoa. Zentzu horretan, guri ikastetxean gertatutakoa arrunta izan zen: herri ttiki batean jaioak ginen, nekazari giro batean heziak, beraz ikaskide hiritarrek kutxan gordetako kontzeptuak astintzen zituzten,edo zehatzago, lengoaia klasista batek eskura jarritako metraila guztia erabiltzen zuten gure aurka. Noski, joera horren oinarrian kontrairudi baten premia zegoen: erregeak bufoia bezala, beraiek herritar estereotipatu edo kasberoak behar zituzten esnegain -la crèm- sentitzeko;goimailako, dotore, fin eta polit sentitzeko. Colette-ren liburu batean zera irakurtzen da, zenbait jenderentzat. Parisen bizitzea noblezia titulu bat izatearen pareko zerbait zela, eta hortxe zegoen, hain zuzen ere, gure ikastetxeko auziaren kakoa: gure kideek -joera klasistak dituzten gehienak bezalaxe- aristokraziaren ukitu distirantearekin hornitu nahi zutela beren burua. Zentzu handiz, joera hura nabarmen erakusten zutenei marquesitos deitzen genien. Gure kasuan, ordea, beste xehetasun bat ere bazebilen tartean. Ez zen hain justu Mahamud edo Friasen jaio eta Burgosera ikastera joaten ziren gazteena izan ere, guk euskaraz hitzegiten genuen -euskaraz ere bai-, eta horrek item berri bat eransten zion sinonimoen zerrendari: aldeano esaten palurdo zioen, palurdo zioenak kasbero, kasbero zioenak vasco edo vascorro. "Damaskora abiatu eta zalditik erori", esan ohi da Paulori gertatutakoa aintzat hartuz, baina gure erorketa -Tatiren filmetan bezala- areago joan eta bikoitza izan zen: zalditik erori ginen aurrena, aldeano-raino, eta bideko zulo batera gero, kasbero edo vascorro-raino. Esan nahi da klasismoaren bertsio larri bat nozitu genuela guk, arrazismoaren atariraino ere iristen zena, eta horren ondorioz gure abiapuntuko egoeraren inbertsio bat burutu zela: eder eta sendo iruditutako mundua zatar eta kaskar omen;unibertsaltzat hartutako bizimodua, salbuespen bat; gure izatea bera, bigarren mailako, plebeiu edo. Eta den dena, berriro esanda ere, leku gutietsi batekoak izateagatik. Ez zait iruditzen auzi arina denik. Eta ez bakarrik euskaldun menditarrei buruzko joera hori, guk gaztaroan nozitutakoa, oso aspaldikoa delako -"el concepto de vizcaíno burro era tan vulgar en el siglo XVII que, según Lope de Vega, en ciertas jergas de delincuentes al borrico se le llamaba vizcaíno", dio Julio Caro Baroja-, baizik eta, batez ere, oraindik bizirik dagoelako, eta behin ere baino zorrotzago agian. "Vascorro" Izan ere, aski da azken urteotako liskar politikoen inguruan idatzi dena errepasatu eta irainen dekonstrukzioa egitea, kasbero edo vascorro delakoen osagaia behin eta berriro aurkitzeko; aski da irratietako hitzaspertuak entzutea edota egunkariak goizero irakurtzea 60etako ikastetxe batean bezala ber-sentitzeko. Ezetz uste du norbaitek? Ba, uste bitxia dela erantzungo nioke nik, zeren ez baitago adibideak bilatzen nekatu beharrik, ez baitago, errealitate horren froga bat emateko orduan, fanatiko amorratuen libelora jo beharrik ere. Har dezagun, botoi horrekin nahikoa izango digu eta, umorezko marrazkiak egiten dituen artista on batek Bilboko manifestaldi erraldoien ondorenean argitaratu zuena. Bi pertsonaia kokatzen zituen marrazkian, eta hala esaten zion batak besteari: "Cuando la boina y todo lo que representaba estaba a punto de desaparecer para siempre ¡zas! la txapela a primer plano". Eta bigarrenak orpotik: "Qué cruz, señor, qué cruz". Eritziak eritzi eta umoreak umore, zinez azpimarratzekoa zera da, erreakzio kritikoak kasu honetan "ixurtzen duen elea"; zein arlo ideologikotan kokatzen den ele hori. Marquesitoenean, azkar argituta. Esan bezala, holako eleak eta okerragoak eguneroko ogia dira aspaldi honetan. Eta ez, ez da albisterik onena euskal arazoa dela eta erdi gaixorik dabiltzanentzat, zeren eta -ibaiak bi ertz baditu, nazionalistena eta nazionalista ez omen direnena- marquesitoen susperraldi berri honek susmo txarrak baitakartza: alegia bere burua demokratatzat daukaten askok badituztela beraien baitan hain demokratak ez diren sentimentuak ere, eta agian es daudela horren gogotsu bakearekin; nahiago dutela, beraiek ere -alde nazionalistako hainbatek bezala- kontrairudi bat osatu eta indartu. Izan ere, gutietsi daitekeen leku bat berpiztu, erreziklatu eta 2000.era begira jarriz gero, ez al lukete beste lekuek ederrago eta sendoago emango? Horixe baietz. Hain eder eta handi emango lukete non bertan kokatutakoek ingurutako onenak bihurtuko liratekeen, sekula kandela bat itzali gabeak, hiritar eredugarriak. Eta, esaidazue, ba al dago poz hori baino gauza beharrezkoagorik? Ez, noski. Beraz, gainerako kontuek itxoin dezatela. Bakeak ere bai? Bai, bakeak ere bai.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_