_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Hizkuntzaren intrahistoria

Pedro eta Aitor Zuberogoitiak Bilboko euskaltzaleen XX. mendeko historia errepasatzen duen liburua osatu dute

Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiek Bilbo eta euskararen arteko XX. mendeko hartu-emanak laburbiltzen dituen Bertan Bilbo izenburuko liburua plazaratu berri dute. Hiru urtetik gorako lan isilaren ondoren, gure hizkuntzak Bizkaiko hiriburuan egin duen bide malkartsuaren kronika sentimentala osatu dute, Unamuno, Azkue eta Aranaren arteko ezinikusi akademikoetatik hasi eta Kafe Antzokia eta Euskararen Etxearen sorreraraino.

Pedro Zuberogoitiak dioenez, haien asmoa ez da izan "Bilbo eta euskarari buruzko ezein estereotipo desmuntatzea, iraganaren gainean dauden irudi estereotipatu horiek aberastea baizik".

Bere anaia Aitorrek Unamunoren "intrahistoria" kontzeptuaz baliatu da liburuaren xede nagusia azaltzeko: "Gurea, Bilbo eta euskararen historia sozial txikiari egindako hurbilketa deskriptiboa baino ez da izan".

Hiria euskarari buruzko gertaera garrantzitsuen plaza izan da

Liburua Bilboko Udaleko Euskara Sailaren enkarguz -euskararen ondare ez-materiala bildu eta ezagutarazteko asmoz- lantzen hasi ziren duela hiru urte luze. "Orduak eta orduak eman ditugu Euskaltzaindiko eta Bidebarrietako liburutegietan", gogoratu du Pedro Zuberogoitiak, baina Bilboko euskaltzaleen intrahistoria erretratatzeko gogoa Aitor Zuberogoitiak Xabier Gereño idazle eta kultur-eragile bilbotarrari Jakin aldizkarirako egin zion elkarrizketa luze baten haritik sortu omen zen.

Harez geroztik, Bertan Bilboren egileek 30etik gora lagun elkarrizketatu, han-hemenkako agiritegiak arakatu eta hainbat webgune ikustatu dituzte libururako materialak biltzeko. "Mende hasierako datu eta testigantzak liburu eta kazeta zaharretatik atera ditugu nagusiki, baina azken hamarkadetara hurbilduz gero, informazio-iturriak dibertsifikatu egiten dira", ziurtatu du Pedro Zuberogoitiak.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Ahalegin horren emaitza 348 orrialdeko liburu mardula izan da, irudi ugariz apaindutakoa, eta euskararen XX. mendeko historia Bilboko hiri-garraioen bilakaeran islatuta aztertzen duena. "Garraioa komunikazio modu bat da, hizkuntza bezalaxe, eta bata zein bestea aldatuz joaten dira denboraren poderioz, baina beti daude hor, jendearen zerbitzuko", adierazi du Aitorrek.

Bilboko historiaren zirrikituetan barna euskararen presentzia soziala ikertzeko egin duten bilaketa honetan, Zuberogoitia anaiek Bizkaiko hiriburuaren balizko erdaltzaletasuna zalantzan jartzen dituzten datu interesgarriak aurkitu dituzte.

"Bilbon sortu ziren Euskalzale, Ibaizabal eta Euzko Deya, Euskal Herri osoan plazaratu ziren euskara hutsezko lehen aldizkariak; gerra osteko lehenenengo ikastola Bilboko San Nikolas elizan zabaldu zen; Bilboko Areatzan jokatu ziren Francoren garaiko lehen bertso-txapelketak; euskaraz lan egin zuen lehen antzerki talde profesionala ere, Kriselu izenekoa, Bilbon eratu zen, eta 'euskaltegia' kontzeptua Bilbon landu zen", nabarmendu du Pedro Zuberogoitiak, Bizkaiko hiriburua euskararen biziraupenerako erabaki eta gertaera garrantzitsuen plaza izan dela frogatu nahian.

Bere anaia Aitorrek Bilbo alderik alde zeharkatzen duen Elgera ibaiaren irudia erabili du hizkuntzaren azken 100 urteotako bilakaera soziala deskribatzeko: "Leku batzuetan ezkutatuta egon ohi da, baina uholdeak daudenean azaleratu egiten da".

Liburuari eman dioten Bertan Bilbo izenburuari dagokionez, egileak Xabier Kaltzakorta irakaslearen azalpenaz baliatu dira esanahia argitzeko: "Bizkaiko herrietan, handitasun, handikeria, dotoretasun edo dotorekeria handiko zerbaiten aurrean, 'bertan Bilbo!' harridurazko esamoldea erabili ohi da".

Kronologia laburra

1901.- Unamunok euskara "zientziaz baltsamatuta" lurperatzeko proposatu zuen Bilboko Lore Jokoetan

1902.- Ibaizabal euskarazko aldizkaria sortu zen

1908.- Plaza Barriko Euskal Eskola eratu zen ekimen pribatuari esker.

1919.- Euskaltzaindia Erribera kaleko 6an finkatu zen

1937.- Eguna euskarazko egunkaria kaleratu zen

1948.- Xabier Gereño kartzelara euskara-eskolak antolatzeagatik

1957.- San Nikolas parrokian lehenengo ikastola zabaldu zen

1958.- Alfonso Irigoienek bertso-txapelketa antolatu zuen Areatzan, Euskaltzaindiaren babespean

1964.- Anaitasuna aldizkaria sortu zen

1964.- Euskarazko lehen irratsaioak Bilbo Herri Irratian

1965.- Gereñoren CINSA disko-etxeak I. Euskal Abestiaren Jaialdia antolatu zuen Capitol aretoan

1965.- Lehen euskal antzerki-talde profesionala: Kriselu

1971.- Oskorri taldea sortu zen Arestiren itzalpean

1975.- TVE Euskalerria euskara hutsezko saioa emititzen hasi zen

1977.- Lehen euskaltegiak sortu ziren Euskaltzaindiaren babespean

1978.- Pott Banda literarioa sortu zuten Bernardo Atxagak, Jon Juaristik, Ruper Ordorikak, Joseba Sarrionandiak, Joxemari Iturraldek eta Manu Erzillak

1980.- Santutxuko Bertso Eskola sortu zen

1980.- Korrikaren lehen edizioa Bilbon amaitu zen

1995.- Kafe Antzokia inauguratu zen

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_