_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak | Durangoko Azoka

Merkatu hutsa baino gehiago

Durangora hurbiltzeko arrazoiak azaldu dituzte zenbait idazle eta musikarik

Merkataritza-adar jakin bateko produktuak saldu eta erakusteko tokia edo merkatua. Halaxe definitzen du hiztegiak "azoka" hitzaren esanahia. Termino hori Elhuyar hiztegian kontsultatuz gero, esate baterako, "Durangoko liburu eta disko azoka" aipatzen du bigarren adieraren adibidetzat. Eta horrek ezin hobeto adierazten du Durangoko Liburu eta Disko Azokak euskal kulturarentzat hartu duen pisua, urtero abenduko lehen egun gorriak hurbildu ahala ia adiera bakarra baitu "azoka" hitzak.

Azoka (bestelako zehaztasunik ez da behar dagoeneko) euskal kulturaren erakusleiho nagusia da gaur egun; erakusleiho eta merkatu aldi berean, antolatzaileek ahal duten heinean ekiditen dituzten kopuruek adierazten duten bezalaxe. Aurtengoa 42. edizioa izango da; eta zenbaki hori izan zuen gogoan Jon Irazabal ekitaldiaren zuzendariak orain bi asteko aurkezpenean. "Errekor nahikoa bada berez hainbeste urte iraun izana", erantzun zuen kazetariek beste zifra bati buruz galdetu ziotenean, hain zuzen ere aurtengo helburua 100.000 bisitarien muga gainditzea izango ote den. Beste kopuruak aski jakinak dira: 559 nobedade (iaz baino %53 gehiago), horietako 395 liburuak eta 76 diskoak, guztiak 317 erakusmahaitan banatuak.

Merkatua ez ezik, obra aldarrikatzeko tokia dela diote sortzaileek

"Durango nobedade-azoka da nagusiki" , esan du zifra horien harira Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari Jorge Giménez Bechek. Hitzordua, gainera, une ezin egokiagoan dator liburugintza sektorearentzat, urte bukaeran eta Eguberrien atarian, "produkzioa areagotzen den une batean gaudelako, zentzu horretan azoka normala dela esan genezake".

Esparru komertzialetik at, baina, bestelako funtziorik betetzen du Durangok: aspaldiko lagunekin topo egiteko tokia, liburu eta disko zaharrak aurkitzekoa eta udazkenaren hondarrean kultura loratzeko gunea. "Niri funtzio nagusia iruditzen zait aldarrikatzea kultura, gure kultura, garrantzitsua dela", azaldu du Jabier Muguruza musikariak. Bera ere Durangon bisitari izango da egunotan, Konplizeak (Elkar) lan berria aurkezten ari baita azken asteotan. Horrez gain, aurtengo edizioko hitzordu nagusietako batean protagonista izango da, Sommer jaunaren istorioa antzezlanaren estreinaldian. Berak sortuak dira, hain zuzen ere, taula gainean erabiliko dituzten doinuak.

Azoka "obraren balioa" aldarrikatzeko toki aproposa ere izan daitekeela iritzi dio Muguruzak. "Formatuaren inguruko eztabaida faltsutan ari gara, baina obra galtzen bada, beste pauso bat izango da bizi dugun akulturazio prozesuan", gehitu du.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Literaturari dagokionez, itzulpen ugari ageri dira aurtengo obra nagusi horien artean (beste batzuen artean, antzezlanak oinarri duen Patrick Süskinden liburua, Ereinek kaleratua). "Itzulpenen ugaltzea azken urteotako berri nagusi eta pozgarrienetakoa da", azaldu du Aingeru Epaltza idazle iruñarrak. Orain bi urte Mailuaren odola (Nafarroako historian oinarritutako trilogiaren lehen liburukia) aurkeztu ondoren, Bezperaren bezpera (Pamiela) saiakera eramango du edizio honetara.

"Urtean zehar irakurri edo erosi gabe gelditu zaizkidan liburuen bila joaten naiz, aukera ona izaten baita oharkabean pasatu diren liburuak eskuratzeko", azaldu du Epaltzak. Beste horrenbeste egingo du beste idazle batek, Unai Elorriaga bizkaitarrak. Aurten libururik aurkeztu ez, baina Oroimenaren lupa izenburuko zuzeneko bertso musikatuen emanaldian parte hartuko du (abenduak 6, 12.30), Itxaso, Fredi eta Xabier Paia bertsolariekin batera. "Azokan dagoen giroa ez duzu Fnac-en topatzen", dio idazleak, "hor biltzen den literaturzale kopurua nekez topatuko duzu inon".

"Lagun zaharrak eta proiektu berriak. Holako gauzak sortzen dira beste inon sortzen ez direnak", erantsi du Elorriagak.

Gaiak Durangoko Azoka

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_