_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Hizkuntzaren damak

Euskaltzaindiak lau emakumezko kide ditu martxotik, historian lehen aldiz

Emakumeen ahotsa sendotuz doa Euskaltzaindiaren barruan. Biztanleen erdiak izanda ere, emakumeek ordezkari bakarra izan dute luzaro euskararen akademian, harik eta, 2005ean, Argomaizen egindako XIV. Barne Jardunaldien buruan, Euskaltzaindiak "ere barne ibilbidean gizon eta andreen berdintasunerako politikak" sustatzearen aldeko apustua aldarrikatu zuen arte.

"Asko aldatu da Euskaltzaindia urteotan, hizkuntzaren gaia behatoki berrietatik behatzera zabaldu da, gaztetu egin da, laikotu... eta ateak ireki dizkigu emakumeoi; aldaketa hauek guztiak euskal gizartearen bilakaeraren lekuko argia dira", adierazi du Ana Toledok, akademiaren azken urteotako historia hurbila laburbildu nahirik.

"Gizartearen bilakaerak eragin du aldaketa hau", dio Ana Toledok

Toledo izan zen, 2005eko urrian, euskaltzain oso aukeratu zuten bigarren emakumea, Juan San Martin zenaren ordez, baina aurreko 13 urteetan, Miren Azkarate izan zen emakumezko ahots bakarra.

Eusko Jaurlaritzaren egungo bozeramaileari On Joxemiel Barandiaran zenak utzitako lekua betetzeko gonbitea luzatu zioten 1992an. Hasierako "harridura eta poza" gaindituta, gogotik jardun du urteotan guztiotan akademia barruko zereginetan. "Bizitzan, gauza gutxi daude harro sentiarazteko modukoak, eta horietako bat da niretzat euskaltzain osoa izatea", esan du.

Antzeko hitzak darabiltzate Aurelia Arkotxak eta Sagrario Alemanek euskaltzain oso izendatu izanak eragin zizkien sentimenduak deskribatzean. Alabaina, nafar hauen kasuan -bata Baigorrikoa eta bestea Etxalekukoa, Pirinioak tarteko- oraintsuko "ohorea" izan da erabat, aurtengo martxoan eta ekainean eskaini baitzieten, hurrenez hurren, akademian sartzeko aukera, Euskaltzaindiaren 2006ko estatutuetan aurrikusitako euskaltzain-postu berrien barruan.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

"Erakundeak gizartearen isla diren aldetik, eta gizartea gizon-emakumeok osatzen dugula kontuan izanda, berez etorri behar zuen gauza izan da emakumeen sarrera erraztea", azaldu du Sagrario Alemanek.

Aurelia Arkotxaren iritziz, "gizarte zibileko alor askotan itxura maskulinoa izan da beti eredua, eta emakumeren bat nabarmentzen denean, emakume eskultorea edo emakume poeta esan ohi zaio". Idazle eta irakasle baigorritarrak "anomalíatzat" jo du errealitatearen ezaugarri hori eta gizon-emakumeak oro pertsonatzat hartzearen alde azaldu da.

Euskaltzaindiaren kasuan, Azkaratek gizonezko euskaltzain osoek urteotan eskaini dioten "errespetuzko jarrera" azpimarratu du. "Ez gaituzte aukeratu emakumeak izateagatik, gure merezimenduengatik baizik", argudiatu du.

Bosgarrena, hilaren bukaeran

Azken orduko eragozpenik ezean, Euskaltzaindiak beste emakume bat izendatuko du euskaltzain oso hilaren amaieran: Lurdes Oñederra donostiarra, EHUko irakaslea eta 2000 urteko Euskadi Sariaren irabazlea Eta emakumeari sugeak esan zion nobelari esker.

Oñederra euskaltzain urgazle izendatu zuten duela 11 urte, eta Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordearen barruan, lan eskerga egin zuen euskararen fonetika normatibizatzeko.

Aurrerantzean, beraz, bost izango dira Euskaltzaindiko osoko bilkuretan parte hartuko duten emakumeak. Oñederraren kasuan, aurrekoetan bezalaxe, "esperientzia da garrantzitsua, ez generoa", oraingo emakume euskaltzainek azpimarratu dutenez.

Bere lana garrantzitsua izan daiteke Euskaltzaindiak euskara naturalaren alde egin duen apustua aurrera ateratzeko. Ildo honetan, Euskaltzaindiko emakume akademikoek ezinbestekotzat jo dute "hizkuntza-erabileraren paradigma egungo gizartera egokitzea".

"Berebiziko kultur aldaketa izan du urteotan gizarteak, eta ondorioz, euskarak etorkizunik izango badu, XXI. mendeko gizarte digitalaren baitan sendotu beharra dago bere bizi-iraupena", azaldu du Ana Toledok.

Sagrario Alemanek proposamen zehatza egin du: "egungo batzordeez gain, beste batzorde bat sortu beharko litzateke erabilerari buruz, horixe baita etorkizunera begira dugun erronka nagusia".

Lurdes Oñederra Euskaltzaindiko 30. dominaz jabetuko da (29.a Joan Mari Torrealdairentzat izango da). Euskaltzaindiak sei euskaltzain-postu berri sortu ditu aurten -hiruna gizon eta emakumerentzat-, eta 2008aren hasieran, beste euskaltzain oso berri bat izendatuko du.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_