_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Ametsa

Amets bat izan dut. Esnatu eta zoruan ipini ditut oin biak -lehenengo ezkerrekoa, gero eskuinekoa- eta ohean eseri naiz, edo alderantziz, ohean eseri naiz eta zoru hotzean ipini ditut oin biak, lehenengo ezkerrekoa eta gero eskuinekoa; izan ere, ez dakit zer egin ohi dudan lehenengo eta zer ondoren. Baina gaur, gainera, izan berri dudan ametsaren kontzientzia dabilkit gogoan bueltaka, eta ohi baino luzeago geratu naiz ohean eserita, begiak itxita, irudi horiek harrapatzeko itxaropenaz.

Pixkana itzuli zait. Ametsean talde terrorista bateko buruzagia naiz; ez, talde armatu bateko koordinatzaile nagusia, zuzendu diot neure buruari. Etxe batean nago, gaude. Kareztatutako horma biluzietan nabaria da giroaren hezetasuna, eta ez dut leihoetatik begiratu behar kanpoan lainoa dela jakiteko; ezingo nuke, gainera, leihoetako oholak itxita baitaude. Nire parean, mahai luze baten inguruan, erakundeko beste hamar kide daude, nik bezala aurpegia buru-berokiz estalita; horretaz ohartu naizenean, ametsa gogoratzean, edo agian baita amets egiteko unean bertan ere, ezin izan dut saihestu Tintin eta Faraoiaren Zigarroak albumaren irudiaren oroitzapena, Indiako konspiratzaile-taldearen bilerarena, eta, ziur nago, irribarre txiki batek egin dit ihes, ezpainetan segundo-ehunen batzuk iraun didana.

Baina nik, talde armatuko koordinatzaile nagusiak, proposamen inportantea daukat egiteko. Eta gogora ekarri dut nola altxatu naizen, ametsetan, eta hauxe esan dut: "Burkideak: jauzi kualitatibo bat egiteko unea iritsi da. Argi dago ezin ditugula jada polizien kontrako atentatuak egin, armatuta ibiltzen diren heinean ez direlako hiltzen errazak; goi-karguen kontra jotzea ezinezkoa da ia, poliziek ondo babesten baitituzte; eta zinegotzi ziztrinenaren aurkako ezer egitea zaila baino zailagoa bihurtu da, bizkartzainen gerizpean daudenetik". Etenaldi nabarmena egin dut segitu aurretik. "Eskoltek, ordea, ez dute espero haien aurkako erasorik: besteen bizitzak babesteko entrenatuta daude, ez beraiena defendatzeko. Ziur nago sistemari zirkuitulaburra eragingo diogula estrategia berritzaile honekin. Bizkartzainentzako bizkartzainak jartzera behartuko ditugu, eta, ondoren, logikoki, bizkartzain horien bizkartzainei bizkartzain berriak ipini beharko dizkiete, infinituraino luza daitekeen segidan. Hori gertatzen den egunean, gerra irabaziko dugu, eta gure helburuak erdietsiko ditugu". Eta, beste keinu esanahitsu batekin, besoak mahai gainean ezarri eta itxaroten gelditu naiz. Istant batzuk geroago bilduetako baten txaloak hasi dira, apal, eta berehala joan zaizkio gehitzen, banan-banan, gainontzeko taldekideenak, zaparrada hura nire mesanotxeko iratzargailuaren burrunbarekin nahastu eta altxatzeko ordua dela ulertu dudan arte. Orduan esnatu, eta zoruan oin biak ipini ondoren -lehenengo ezkerrekoa, gero eskuinekoa-, ohean eseri naiz. Edo alderantziz.

Luzaro egon naiz dutxaren zorrotadaren azpian, ezertan pentsatzeko gogoak uxatzen. Gero jantzi naiz eta, jaka ipini aurretik, besapeko errebolberra ondo lotuta ote daramadan ziurtatu dut. Kalera irten eta, nire 4x4aren azpiak miatu ondoren, aldez aurretik zehaztutako elkargunera bideratu naiz. Han dago jada Mateo, nire babestua, berak zaintzen duen Mirenekin, eta Mirenek eskoltatzen duen Juan Marirekin batera. Alde guztietara begiratu ondoren, nire autoan sartu dira denak, eta hurrengo elkargunera abiatu gara. Erlojua begiratu dut: Jone, nire eskolta, laster iritsiko da bertara. Izan ditudan bizkartzain guztien artean Jone da gehien iraun didana, sei urte.

Bidean gaudela ametsarena kontatzeko zorian egon natzaie besteei, baina azkenean katarro hasiera bat daukadala aipatu diet. "Gaur goizean ohean eserita egon naiz luzaroan, oinutsik zoru gainean. Horrela harrapatu dut, ziurrenik".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_