_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Lazarragaren irudimeneko paisaiak

Oñatik eta Arabako Lautadak jauntxo euskaltzalearen oroimena gorde dute Urkilla mendilerroaren bi aldeetan

Paisaiak historiaren oihartzunez zipriztinduta daude. Urkillako mendilerroak, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugaldean, duela hiru urte eta erdi euskal letren historia irauli zuen XVI. mendeko jauntxo idazlearen oroitzapenak gorde ditu. "Inork ez daki zehazki zeintzuk izan ziren Lazarragaren mundu-ikuskera markatu zuten paisaiak; suposatzen dugu bere herrixka inguruko Lautada, Agurain, Gortea eta Unibertsitatea", esan du Joseba Lakarra EHUko irakasleak.

Joan Perez Lazarraga Arabako Lautadan kokatuta dagoen Larrea herrian jaio zen 1547 urtea aldera, aita Pedro Perez Lazarraga eta ama Helena Santxez Herdoinana zituela; baina leinuaren oinetxea Urkilla mendilerroaren beste aldean aurkituko dugu, Oñatin, Torreauzo jauregian (gaur hotela dago bertan).

Arabako lehen euskal idazlearen izkribua agertu aurretik, bertan finkatu zuen Atxagak egungo bere bizilekua

Garai hartan, ganboatarrak ziren nagusi Oñatiko Konderrian, baina kontzejuek eta elizak kolokan jarri zuten Gebaratarren nagusigoa. Bando-gerra amaituta zegoen arren, leinuen arteko ezin ikusiek beren horretan zirauten Amerika aurkitu ondorengo urteetan.

Joan Perez Lazarraga jaio baino bost urte lehenago, Avilan apezpiku zebilen Rodrigo Santxez de Mercado Zuazola oñatiarrak Sancti Spiritus Unibertsitatea sortu zuen Karlos V.a enperadorearen sostenguaz. Belaunaldi askotan, Oñatiko Unibertsitatea izan zen, aldameneko Bergara herrian 1597an sortu zuten Erret Mintegiarekin batera, euskal jakintza akademikoaren erreferentzia nagusia.

Adituen ustez, litekeena da Lazarragak Oñatiko Unibertsitatera joan eta handiki baten semeari zegokion heziketa jaso izana, bere ahaide Esteban Garibairen antzera. Eta Oñatiko egonaldi haren buruan, litekeena da, 18-20 urteko Lazarraga gazteak, XVI. mendeko moda eta modu literarioei jarraituz, adiskideek irakurtzeko moduko ipuin paganoak idazteari ekin izana, literaturaren plazer hutsagatik, liburu batean bildu eta argitaratzeko asmorik gabe.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Lazarragatarrak Gebaraterren aholkuz -eta gaztelu Gebarakoaren babespean- finkatu omen ziren, XV. mendearen hasieran, Aguraingo eskualdean, Oñatiko Konderria eta Arabaren arteko joan-etorriak zaintzeko asmoz.

Aizkorri mendia zeharkatzen duen San Adriango tunela eta izen bereko ermita zaharra derrigorrezko pasabidea ziren orduan Donejakue Bidea egin edo Frantziatik Gaztelara merkantziak garraiatzen zituztenentzat. Bide hau erromatarrek sortu omen zuten Bordele eta Astorgaren arteko galtzada eraiki zutenean.

Hortik hiruzpalau kilometrora Zalduondo herria dago, eta bertako San Saturnino elizaren ondoan, Lazarragatarren Jauregia, XVI. mendean eraikia eta 1980 urteaz geroztik etnografia museo bihurtutakoa.

Joan Perez Lazarragaren bizilekua, aldiz, Zalduondotik mendebalderantz aurkituko dugu, Barrundiako Larrean. Inguru haietan hezi zen, Urkilla mendilerroa eta Barrundia eta Zadorra ibaien artean, eta bertako zelai eta pagadi zabalak izan ziren, seguraski, eskuizkribuan aipatu zituen dontzeila eta dama galantak, herriz herri elkarren kontrako justetan ziharduten zaldun ausartak, florestan zehar amodio bila zebiltzan artzain errukarriak, Narbaez izeneko enkantadorea, Marte jainkoaren mandatariak, adarbakarrak eta gainerako pertsonaia mitologiko guztiak kokatzeko Lazarraga gazteak irudimenean erabili zuen lehenengo eszenatokia.

Inguru haiexetan ibili omen zen, Joan Perez Lazarraga jaio baino mende erdi lehenago, bere ahaide Larraintzarko jauna, zaldun alderraiaren bokazioaz burua galdu zuena. Litekeena da Cervantesek Larraintzarko jaunaren istorioaren berri izatea Lazarraga edo honen lehengusu Esteban Garibairen bitartez -Cervantes eta Garibai lagun minak ziren- On Kixoteren pertsonaia sortu aurretik.

Lazarraga genealogista ibili zen Madrilgo gortean, eta Poeta goitizenaz ezagutzen zuten. Heriotzak Larreako dorrean harrapatu zuen 1605eko apirilaren 11n, eta bertako Donemiliaga elizan ehortzi zuten. Patuak eragindako kasualitate bitxi horietako baten eraginez, Bernardo Atxagak Lazarragaren irudimena piztu zuten paisaia hauetan finkatu du, XVI. mendeko eskuizkribua agertu baino askoz ere lehenago, bere gaur egungo bizilekua.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_