_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Sareak

Askotan emana nuen urrats bera, nize izena Google-n bilatzearena. Ordaindu gabeko isun batzuen ondoan ikusi nuen lehendabizi. Handik gutxira nire garraio enpresa agertu zen artean ere labur samarra zen zerrendan, nire abizenari lotua. Baina azken bi urteetan kontua zeharo aldatu da, eta orain hogeita bost web-orritan ere ez dira sartzen nire izenarekin modu batean zein bestean zer ikusirik daukaten erreferentziak.

Nire izen-abizen berberak zeuzkan beste pertsona baten datuak irakurri nituen egunetik bilatzailea egunero hasi nintzen erabiltzen. Ezusteko datu haien arabera, nire parekoa irakaslea zen hezkuntza ertaineko ikastetxe batean. Kointzidentziari ez nion aparteko garrantzirik eman, baina gero langabezian zegoen programatzaile baten web-orria azaldu zen nire izen-abizenen bilaketaren emaitza biltzen zuen zerrendan. Programatzaileak zioenez, lanean ibili zen bitartean ez zuen astirik web-orri pertsonal hura diseinatzeko; lana galdu ondoren, aldiz, Interneteko bere gunea antolatzea erabaki zuen. Harritzekoa bazen ere, hark ere nire izen-deiturak zituen, hor zehar hedatuegiak ez omen daudenak (edo hala behintzat uste nuen nik). Azkenik, bere burua hizkuntzalaritzat jotzen duen tipo baten erreferentziak hasi ziren agertzen nire izen-abizenen azpian. Web-orri berri askotxo ekarri zituen azken honek, hilero zerbait idazten baitzuen komunikabideetan. Eta idazlan horien esteka guztiak biltzen zituen, bere begi oroikusleari esker, Google-k. Guztira, beraz, lau lagun ginen izen berarekin.

Hurrengo pausoa noiz eman nuen zehazki esateko ez nintzateke orain gauza izango, baina badakit lehendabizi programatzailearekin jarri nintzela harremanetan. Datuen agentzian ezagun bat zuen, eta haren bitartez beste bien gaineko informazioa, batez ere helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa, lortu genuen. Galdera bera egin nien guztiei aurkezpen gisa: ea bazekiten ala ez hortik zehar izen-abizen berberak zeuzkaten beste hiru lagun bizi zirela. Programatzailearentzat eta irakaslearentzat hura lehenbiziko berria zen. Hizkuntzalariak, ordea, horren susmoa hartu zuela esan zidan, hain zuzen neuk ere egiten nituen bilaketa haietako baten ondoren. Aurkezpenaren atzetik zetorrena proposamen berezi bat zen: gure ahalmenak eta ezaguerak bateratzeko saio bat egitearena, izen beraren azpian pertsona bakarra egon baitzitekeen, bere denbora irakasten, programatzen, hizkuntzak aztertzen (eta artikuluxkak idazten) eta garraio-bidaiak saltzen ematen zuena, aldi berean eta kontraesanik gabe. Azkenik finean, nork egiaztatzen digu Leonardo da Vinci pintorea, zientzialaria, ingeniaria eta idazlea pertsona bera zela edo, bestela esanda, izena bera zuten lau (edo bost edo sei) lagunen arteko batasun bat ez zela? Halako zerbait egin genezakeen guk ere, geure ezberdintasunak izen beraren azpian ezabatuz.

Aldeko erantzunik espero ez banuen ere, nire hiru izenkideak ados zeuden eta, proiektua martxan jartze aldera, gauzak partitzen hasi ginen: programatzaileak bere etxea utzi zidan gau baterako, hari liburuak oparitu zizkion irakasleak, eta nik autoa utzi nion hizkuntzalariari aste oso baterako. Horrela hasi ginen. Gero irakasleari bururatu zitzaion gure batasunak erabatekoa izan nahi bazuen, emazte bera eduki behar genuela. Baina ni izan ezik guztiak ezkongabeak ziren. Puntu honetan ez nengoen konforme (emaztearen iritzia jakin aurretik ere), baina izenkideek ez zuten amore emateko asmorik (hizkuntzalaria izan zen hemen tematiena, koherentziaren beharra zela eta ez zela).

Egoeratik irtenbide bat aurkitzeko proposamen hau egin nuen: izen-abizen berak izango zituzten lau emakumeren bila abiatu behar genuen, nire emaztearenak oinarri hartuz, hala nahi bazuten. Lehen abizenarekin ez zegoen arazorik, Fernández baita nire emaztearena. Baina bigarren deiturak asko oztopatu zigun lana: Reissig horrek Uruguayko Maldonado izeneko herrira eraman gintuen, alde batetik, eta Sydneyra (Australian), bestetik. Biei eskatu genien, behin baino gehiagotan, ezkontza. Ez dakit nola, baina beraien artean ere harremanetan jarri omen dira, gaur hona ekarri gaituen salaketa batera egiteko edo.

Eta hau da nik dakidan guztia, epaile jauna.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_