_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Elkarbizitzaren formula berria

Adituak bat datoz gizartean gero eta nabariagoa den aniztasunak "aberastasun iturri" izan behar duela esatean

Identitate aniztasuna gizarte moderno guztien berezko ezaugarria da. Globalizazioak eta migrazio-prozesuak tarteko, nonahi ugaldu dira jatorri desberdinetako eraginak dituztenak. Euskal gizartean ere begi-bistakoa den joera hori baieztatu du beste behin Eusko Ikaskuntzak berriki aurkeztu duen inkestak. Honen emaitzen arabera, hainbat "elementu kultural edo identitario" berri euskal kulturan "zeharo erroturik" daude.Hori dela eta, etorkizunean "kultur nahasketa eta identitate bikoitzak eta anitzak" nagusitzen joango dira.

Errealitate hori tentsio edo gatazka iturri izan beharrean, aberastasun iturritzat jotzen dute lanaren egileek. Areago, kultura, egoera berri horretan, gizarte kohesioa sustatzeko "akuilu" izan daitekeela ondorioztatu dute. "Nahasketa kulturala eta bitariko (edo askotariko) nortasunak gero eta zabalduagoak egongo dira gurean, gure kulturak eta nortasunak aberastuz", dio lanaren ondorioak biltzen dituen dokumentuak.

Hurrengo bizpahiru gizaldietako identitatea "euskaltzalea" izango da, Elzoren iritziz

Ikerketaren arduradun eta EHUko soziologia irakasle Iñaki Martinez de Lunaren iritziz, "kontua ez da homogeneotasuna bilatzea, baizik eta ezaugarri desberdinak izanik ere, elkarrekiko errespetutik abiatuta, elkarbizitza komun baterako bideak irekitzea". Horretarako ezinbestekoa izango da euskal kulturaren inguruan historikoki errotu den "irudi topikoa" malgutzea, honek "euskal kulturaren eta nortasunaren ideia murriztu besterik ez baitu egiten". "Eta jendea ez dago murrizketen alde, baizik eta kontzeptu malguak eta zabalak osatzearen alde", erantsi du aditu honek.

Javier Elzo Deustuko Unibertsitateko Soziologia katedraduna bat dator, oro har, ondorio horiekin, soziologia alorrean ez baita ezbaian jartzen euskal gizartea anitza dela "gai honi buruzko ikerketa soziologikoak abiatu zirenez geroztik". "Identitate anitzak daude Euskal Herriko lurralde historiko guztietan, nahiz eta zenbait ñabardura ageri diren lurralde batetik bestera", azaldu du.

Ildo horretan, Elzok erabat ziurtzat jotzen du etorkizunean euskal herritarren identitatea anitza izango dela, "funtsean euskalduna eta espainiarra". "Iragar daiteke hurrengo bizpahiru belaunaldietan euskaltzalea izango dela nagusiki. Hortik aurrera, euskal herritar autoktonoen jaiotza tasaren, etorkin atzerritarren eta haien ondorengoen identitate-joeren eta gazteek hartzen duten jarreraren araberakoa izango da", erantsi du. Aditu honen iritziz, esparru honetan "erabakigarria" izango da familiek identitatearen transmisioa dela-eta hartzen duten jarrera. "Orain arte emakumeen bitartez egin da; emakumeen emantzipazioarekin, honek dakartzan horizonte eta perspektiba berriekin, puntu hau erabateko inkognita da niretzat".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Ludger Mees EHUko Euskara errektore euskaldun-alemanak ez du zalantzarik gai honetaz hitz egiteko orduan. "Askozaz errealistagoa eta demokratikoagoa da gutariko bakoitzak identitate desberdinak eduki ditzakegula aitortzea, hortik inolako gatazka latzik sortu gabe". "Nire semeak euskaldunak sentitzen dira hemen eta alemanak Alemanian".

"Multikulturalismoaren inguruko eztabaidak erakutsi digu ez duela guztiak balio", erantsi du Meesek. Bere ustez, "adostasun zabala baldin badago, eta hala dirudi, hemengo kultura eta nortasuna defenditzearen alde, hurrengo urratsak identitate bakarreko kartzela hori apurtzea izan behar du".

Gakoa euskararekiko atxikimendua izan daiteke

Herritarrak, oro har, seme-alabak euskaraz eskolaratzearen aldekoak direla erakusten du Eusko Ikaskuntzak plazaratutako inkestak. Ikerketaren egileek galdera zehatza egin diete partehartzaileei: "Seme-alabarik baldin baduzu, edo izango bazenitu, nahiko zenuke haiek euskaraz jakitea?". Inkestatutakoen erdiak pasa (%51) aukera horren alde agertu ziren; portzentaje horri gehitu behar zaio bere seme-alabek dagoeneko euskaraz badakitela aitortzen dutenak (%36). Azken atal honi dagokionez, Euskadin azaltzen da kopururik altuena (%43), Nafarroaren (%19) eta Iparraldearen (%18) aurretik.

Datu horiei berebiziko garrantzia ematen diete lanaren egileek, beraiek ere ez baitzuten espero hain erantzun positiborik jasotzea. "Harritu egin nau etorkizunari begira zonalde guztietan euskararen alde egotea, seme-alabentzat euskararen alde egotea, Nafarroako zonalde erdaldunean ere, seme-alabek euskaraz jakitea nahi luketenen kopurua nagusitzen dela", aitortu du Martinez de Lunak. "Bereziki deigarria da Nafarroan, gai horren inguruan egon diren tirabirak kontuan hartuta; hor kontraesan oso nabarmenak daude. Egia esan, ez nuen espero euskara horren indartsu ateratzea, egungo errealitatea ezagututa", erantsi du.

EHUko Euskara errektoreordearen iritziz, gizartean sumatzen den joera horri "oso positiboa da etorkizunerako". "Zer esan nahi dute datu horiek? Euskaraz dakitenak baino dezente gehiago direla, nonbait, nahiz eta euskara menderatu ez, nolabait positibotzat hartzen dutenak eta identifikatzeko adierazle nagusitzat hartzen dutenak", argudiatu du.

"Iruditzen zait portzentaje hori handitzen joan beharko genukeela", gehitu du Meesek. Bere esanetan, "jasotzen ari garen mezua da identitate eta ideologia guztien gainetik, badagoela zerbait euskaldun guztiok edo gehien-gehienok batzen gaituena, kultura hain zuen ere, eta honen barruan euskararekiko atxikimendua".

Ildo horretan, inkesta hauek "gizartearen eta alderdi politikoen arteko banaketa" erakusten dutela iritzi dio. "Politikoek kasu egin beharko lukete eta, nolabait, beren diskurtsoak leundu, esparru honetan adostasunak bilatzeko gatazken ordez".

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_