_
_
_
_
_
Entrevista:IÑAKI GONZALEZ GARAI | Historialaria | Gaiak

"Gogoeta egin behar dugu iruzur historikoen ondorioez"

Historiaurrean hasi eta Aro Modernoaren hasierara arte, iruzurrez iruzur, ibilaldi luzea egin du Iñaki Gonzalez Garaik (Donostia 1957), Eduardo Arrayeterekin batera argitaratu duen Iruzurrak historian (Gaiak) liburuan. Denboran zehar proposatzen duten txangoa ordea, ez da hemen amaitzen, beste liburuki berri bat ateratzeko asmoa baitute. Hurrengoak Aro Modernoan hasi eta Historia Garaikiderainoko engainuak bilduko ditu. Liburu honek historian esaten direnak eta hedatzen den informazioa kontrastatzeko beharra sortaraztea du xede, "historia iruzurrez josia dagoelako", Gonzalez Garairen hitzetan.

Galdera. Liburu honetan historian zehar ustez gertatu diren hamabi pasarte ezberdinen sinesgarritasuna zalantzan jartzen duzue. Zertan oinarritu zarete iruzurrak direla esateko orduan?

"Leireko monjeek antzinatasun faltsua eman zioten XII. mendeko agiri batzuei"
"Jendeari informazioa kontrastatzeko beharra sortzea da liburu honen xedeetako bat"

Erantzuna. Liburuan biltzen diren hamabi gaietatik, batzuk denboraren iraganaz gezurrak direla egiaztatu dira eta beste kasu batzuetan aldiz, euren fidagarritasuna zalantzan da. Ezin jakin daiteke egiazki gertatu ziren ala ez. Adibidez, Konstantino enperadorearen dohaintzari dagokion gertakaria, bederatzi gizalditan onartua izan zen arren, azkenean XIX. mendean eliza katolikoak gezurra izan zela azaldu zuen. Pildownen gizakiaren inguruko eztabaida ere hortxe egon da, eta azkenean gizaki hori ez zela inoiz existitu frogatu da. Beste kasu batzuetan aldiz, zalantzak eta susmoak daude, hala nola, Erromari nork eman zion su eta ezin daiteke jakin berez zer gertatu zen. Ezin dira ordea, kasu guztiak zaku berean sartu, eta engainamendu bakoitza bere testuinguruan aztertu behar da. Historia guztia horrelako gertakizunez josia dago.

G. Euskal Herriari dagokionez, zeintzuk dira azpimarratuko zenituzkeen iruzurrak?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Aipagarriak dira Leireko monasterioan egin ziren dokumentu faltsuak. Monjeek ospea eta boterea lortzearren, berez faltsua zen antzinatasun bat eman nahi zieten dokumentu hauei. Haiek X. mendean kokatzen zituzten dokumentu horiek, baina agiriak berez XII. mendekoak dira. Historialarientzat, ordea, dokumentu hauek oso interesgarriak dira, garai haren gaineko informazio iturri oparoa baitira. Adibidez, Gipuzkoaren eta Donostiaren inguruko lehen aipamenak dokumentu hauetan azaltzen dira. Agiri hauek deskriptiboak ziren. Lur eremuen eta mugen inguruko dokumentuak izanik, botere egarria eta nahia islatzen dute, izan ere, lurren araberako eskubideak baitzeuden garai hartan. Bestalde, Nafarroako errege-erreginen eskumikatzearen inguruan ere zalantza sakonak daude eta dena interpretazioetan oinarritzen da.

G. Zein ikuspegi jarraitu duzue iruzur hauek aukeratzeko eta ez beste batzuk?

E. Historian murgiltzea zen gure xedea eta hurbiltze erakargarri bat egin nahi genuen. Gai hauen bidez, historian zehar ibilbide bat egin nahi genuen, eta ildo honetan, Pildownen gizakiaren faltsukeria XX. mendean argitu bada ere, bere bitartez historiaurrera egiten dugu bidaia. Historian zalantzak eta susmoak daude. Interesen boterea gaurko gizartean ere islatzen da. Egun gertatzen den errealitatearen eta hedatzen denaren artean ere askotan jauzi handia izaten da.

G. Historia interesen arabera idatzi al da?

E. Idatzi baino, egin. Jendeari kontrastatzeko beharra sortaraztea da liburu honen beste helburuetako bat, hausnarketa behar bat sortaraztea. Batez ere, gertakariek sortzen dituzten ondorioengatik.

G. Ondorio negatiboak izan al dituzte iruzur horiek guztiek?

E. Iruzur hauek guztiek ondorio negatiboak izan ditzakete, baina ez errealitateak izan ditzakeen ondorio ezkorrak baino negatiboagoak. Adibidez, Pildownen gizakiaren inguruan adituek esan zutenez, zientziaren garapenerako atzerakada nabarmena izan zen, izan ere, urte askotan gizakiaren sorreraren inguruan oinarri garrantzitsutzat jo izan baita. Hala ere, une bakoitzean gizartearen erradiografia bat eginez gero, iruzur horiek existitu edo ez, ondorio eta egoera berdintsuetara iritsiko ginateke, gezur hauek ere errealitatean dagoena islatzen baitute. Horretarako bai baliagarriak direla. Konstantinoren dohaintzaren dokumentua, adibidez Aita Santuek hainbatetan erabili zuten botere erlijiosoa zibilaren gainean jartzeko. Honek berebiziko eragina izan zuen, baina ez zen kausa eta bultzagarri bakarra izan, kleroaren armada eta diplomazia ere hortxe baitzeuden. Horrelako engainamenduek ez dute ordea errealitatea aldatzen,

G. Historia luzean zehar iruzurrak daudela defendatzen duzue. Aro Modernotik gaur arteko faltsukeriak ere bilduko al dituzue?

E. Bigarren liburuki bat argitaratzeko asmoa dugu Aro Modernoan hasi eta gaur arteko historian zehar izan diren engainamendu batzuk bilduz, baina lan luzea da eta oraindik ez dugu plazaratuko. Bi urte barru argitaratzeko asmoa daukagu.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_