_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Gure oroitarriak

Arratsalde epelak haize leuna zekarkigun bazter hartaraino. Kostaldeko pinu ilunen orriak astintzen zituen emeki, presarik gabe. Amaigabea zirudien udako egun hartan itsasoa bare zegoen, eta hondartzaraino heltzen ziren uhin txikiek hurbiletik soilik entzun zitekeen soinu apala eragiten zuten. Egunean zehar pilatutako izerdia eta berotasuna gorputzetik ahalik eta laisterren kendu nahi genituen. Dubrovnik hiria atzean geneukan, pinudian erdi ezkuturik.

Uretan sartu ginen arropak erantzi bezain pronto. Luzaro egon ginen itsasoan, harik eta hondartzatik ikusten ahal zen eraikin bakarrari erraparatu genion arte. Hasieran etxe abandonatu zahar eta arrunta iruditu zitzaigun arren, bere hormetan bala zuloak zituela ohartu ginen gero. Hamar urte gutxienez igaroak ziren azken gerraren garaitik, baina hantxe zeuden oraindik, ageri-agerian, Dubrovnik hiriko zentroan ez bezala, kroaziarren eta serbiarren artean gurutzatutako tiroen aztarna garbiak, etxeko lehen zein bigarren pisuan.

Segituan atera ginen uretatik, ezustean sentitu genuen ondoezak eraginda. Hondartzako harriak zikinkeriez beteak zeudela konturatu ginen orduan, eta bertakoek hondartzatik gertu zegoen pinudian beren zakarrontziak husten zituztela. Hirirako bidea hartzen genuen bitartean, arratsaldeko azken ordu geldo haiek uretan pasatzen ari ziren bainulariei begiratzen genien, haien jarduera eta ardurarik gabeko poza ulertu ezinik. Guk ikus genezakeena haiek ere ikusterik bazuten, baina, hala eta guztiz, uretan segitzen zuten, arratsaren epelean itsasoaren freskotasunaz gozatuz, uda mineko egun hartan egitea merezi zuen gauza bakarra huraxe balitz bezala.

Gauaren lasaituna zerbaitek urratu zigun. Kalean jai giroa zen nagusi, neskatilak eta mutikoak iturri handi baten inguruan ari ziren lasterka. Dendak irekita zeuden, iluntzeko hamarrak baziren ere. Argi artifizialaren pean eraikin historikoak bere edertasun osoan ageri ziren. Eta, hala ere, zuzenean azaleratzen ez den gaitz baten antzera, hondartzan ikusitakoaren oroitzapenak hiriaren distira lausotzen zigun, sentipen goibelak hedatuaz bat.

Oporretatik itzulitakoan, berehala hasi nintzen Fakultatera joaten, begiak itxita ere egingo nukeen betiko bidetik. Artean ere ez zegoen eskolarik, baina bai aurreratu beharreko lana. Ia egunero zeharkatzen nuen, goizean norabide batean, arratsaldean bestean, bibliotekaren ondoko belargunea. Handik gutxira ikasleak ere hasi ziren unibertsitatera gerturatzen. Zenbait ikasle nik egin ohi nuen bide beretik joaten ziren.

Halako batean berpiztu zitzaidan Dubrovnik ondoko hondartza hark utzi zidan oroitzapena, ordura arte beste batzuen artean ezkutatuta iraun bide zuena. Arratsalde eguzkitsu eta ezin argiago batean izan zen, Fakultatetik etxera nentorrela. Bibliotekaren ondoan dagoen berdegunea zeharkatzen ari nintzen, ohiko (hau da, ikustezin) bilakatu den oroitarriaren aurrean gelditzea erabaki nuenean. Zimeltzen hasiak ziren lore batzuk ikusi nituen F. Buesa eta J. Díezen izenen azpian. 2000ko otsaileko irudiak etorri zitzaizkidan burura arrapaladan. Uda akabuko egun egiatan ederra zen, urte hartan izandako ederrenetarikoa. Baina atentatuaren oroitzapenak beste sentipen guztiak barreiatu zituen.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Orain ezin dut imajinatu Bosnian (Bosnia serbiarretik kanpo) edo Kroazian "Serbia Handia" aldarrika lezakeen inor. Ezta ere duela gutxi hil den Milosevicen izena goraipatuko lukeenik. Hemen, aldiz, ez litzateke batere zaila izango hiltzaileen arrazoiekin eta nahi politikoekin ados egongo litzatekeen bat baino gehiago aurkitzea. Aurrerantzean ere ez omen da zaila izango, erlijio bihurtutako gorrotoaren eta indezentziaren hazia tinkoegi baitago errotua gure artean.

Paisaiak eta naturaren bilakaerak bizkorregi ezabatzen dituzte gizakiok eragiten ditugun hondamendiak. Etorkizunean ere askotan igaroko gara oroitarrien aurretik, Dubrovnikeko etxe zulatuen aurretik bezala, ohiko paisaiaren beste ezaugarri bat baizik ez bailiran.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_