_
_
_
_
_
Entrevista:JESUS ALTUNA | Arkeologoa | Gaiak

"Jendeak badu interesik, mitoei esker, historiaurreko kontuetan"

Jesus Altunak (Berastegi 1932) Barandiaranekin batera egin zuen lehen indusketa 26 urte zituela. Egun, arkeozoologia eta historiaurrearen arloan Euskal Herrian dagoen aditurik garrantzitsuenetakoa da. Landako eta laborategiko lanaren maitale, adituak badaki bereizten Ekaingo aurkikuntzen miresgarritasuna, baina ez du behin ere baztertzen aurkikunde txikien handitasuna. Aranzadi Zientzia Elkarteak urrezko domina eman berri dio erakunde honetan eta ikerkuntza munduan egin duen ibilbide luze eta oparoagatik.

Galdera. Zure bizitzaren zati handi bat arkeologiari eta ikerketari eskaini diozu. Asko aldatu al dira gauzak hasi zinenetik?

Erantzuna. Zientzia guztietan bezalaxe. Madrilen biologia ikasketak burutzen ari nintzen garaian, Barandiaran zen Euskal Herrian ikerketa hauetan ziharduen bakarra. Udan, berarengana gerturatu nintzen eta hainbat indusketa egin genituen biok, bakar-bakarrik. Unibertsitatea sortu zenetik, ordea, ikasle asko dago, eta gaurko eskabazioek beste tankera bat hartu dute. Metodologia aldetik ere, oraingoak askoz zorrotzagoak dira. Barandiaranekin hasi nintzenean, ikerketak beste modu batetara egiten genituen. Orduan ez zen erabiltzen Euskal Herrian karbono-14aren metodoa eta ikerketak estratigrafian oinarritzen genituen: aztarnen datazioa geruzaz geruza zegoena aztertuz egiten genuen.

"Barandiaranekin hasi nintzenean, aztarnen datazioa geruzaz geruza zegoena aztertuz egiten genuen, ez baitzen erabiltzen karbono-14a"
"Lezetxikin, tundran bizi den animalia baten hezurrak aurkitzeak zera esan nahi du, haitzulo inguruko giroa biziki hotza izan zela orduan"

G. Biologia ikasten ari zinela, zergatik aukeratu zenuen bide honi ekitea?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Oso gustuko nituen orduan biologia eta genetika, eta banuen Madrilen lan egiteko aukera ere, baina nik Euskal Herrira etorri nahi nuen. Hemen ez zegoen unibertsitaterik garai hartan; basamortu hutsa zen zientziaren ikuspegitik. Orduan, Barandiaranengana gerturatu nintzen eta berak bideratu ninduen abereen hezurrak aztertzera. Ideia gogoko izan nuen, eta horrelaxe hasi nintzen.

G. Eta nola sailkatzen zenituen hezurrak?

E. Oso lan zaila zen. Hezur bat identifikatzeko, beharrezkoa zen bilduma osteologiko bat edukitzea, baina garai hartan ez zegoen horrelakorik Penintsula osoan. Horregatik joan nintzen Alemaniara. Han, kaxoi bat ireki eta abere guztien hezurrak zituzten klasifikatuak. Lehendabiziko lana, bertan antzeko bilduma bat osatzea izan zen.

G. Baita lortu ere...

E. Bai. Hainbat urteren ostean, Penintsulako bilduma osteologiko garrantzitsuena osatu genuen, eta atzerritik ere jende asko etorri zitzaigun gomendio eske.

G. Horren garrantzitsua al da hezurrak sailkatuta edukitzea?

E. Zalantzarik gabe. Bilduma horri esker, Ekainen bizi zirenek oreinkumeak ehizatzen zituztela jakin ahal izan dugu. Gizaki haiek bazekiten, maiatzaren amaieran, orein emea taldetik apartatu eta leku ezkutu batean kumeaz erditzen zela. Hamar-hamabi egun ematen zituen bertan kumea bizkortu arte, eta gero, taldera itzultzen zen. Momentu horretan ehizatzen zituzten emea eta kumea Ekaingo biztanleek. Hori guztia aurretiaz osatutako osteologia bilduma onari esker jakin dugu, adin eta tamaina ezberdinetako 100 bat oreinen hezurrak baititugu sailkatuta.

G. Euskaldunok behar bezala baloratzen al dugu arkeologoen lana?

E. Hasiera-hasieratik konturatu nintzen jende xumeak ere anitz balioesten duela guk egiten duguna. Zehatz-mehatz zertan ari garen jakin ez arren, hemengo mitoak eta ipuinak orsaintsu arte bizi izan ditugunez, jendeak badu interesik historiaurreko kontuetan. Megalitoak adibidez, zutik eta egoera onean daude oraindik. Euskaldunok orokorrean badugu interesa eta zaletasuna, eta indusketetan egiten dugun lana errespetatzen eta baloratzen dela uste dut. Zenbait kobazulo itxi behar izan ditugunean, bertan ziren margoak edo aztarnategiak zirela eta, euskal gizarteak ontzat hartu du erakundeek erabakia.

G. Zeintzuk dira, zure ustez, Euskal Herriko azken urteotako aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenak?

E. Nire garaian, noski, Ekain izan zen garrantzitsuenetakoa. Altxerri eta azken boladako Praile Aitz ere kontutan hartzekoak dira. Bestalde, badira beste hainbat aurkikuntza, gauza handirik esan ez arren, oso garrantzitsuak direnak ere. Ondo gogoan dut, esate baterako, Lezetxikin glotoia izeneko animalia azaldu zitzaigun momentua. Abere hau tundran bizi den haragijalea da, Eskandinaviako konifero eta urkidietatik gorago, likenak eta goroldioak besterik ez dauden gunean, alegia. Lezetxikin glotoiaren aztarnak aurkitzeak esan nahi du haitzulo inguruko giroa biziki hotza izan zela garai hartan.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_