_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Eugénio de Andrade

Duela hilabete batzuk joan zen, isilpean, etorri zen bezala. Gaitz luze batek erauzi zuen mundu honetatik, laurogeita bi urterekin. Portugalek eman duen azken belaunaldietako poetarik handienak ez zuen zarata maite, ez gehiegikeria ere. Horregatik joan zen isilka, bere inguruan sor zitekeen zurrunbiloari gauzatzeko betarik eman gabe. Portugaleraz idatzi duten hiru poeta nagusien artean, Camôes eta Pessoarekin batera, zegoela esan izan da eta, egia osoa bada ere, berak ez zuen segur aski sinetsiko. Axola zitzaiona aurkitu nahi zuen silabaren atzetik egindako bidearen amaiera ezagutzea zen.

Euskal irakurleak eskura izan du Andraderen poesiaren zati bat, Maite González Esnalek poliki itzulia. Andraderen obra guztia, ordea, oso zabala da, hogeita bost poema-liburutik gora idatzi baitzituen. Portugalera, hala eta guztiz, inguruko irakurleak zubirik gabe erakartzeko gauza da. Duela urte batzuk, mintzaldi batean, Ruper Ordorikak egun bat lehenago batera irakurri zituzten hainbat testuren egilea gogorarazi zion Bernardo Atxagari, honek horrela eskaturik: besteen artean, Andradek ahalmen hori zeukan, bere testu laburrek uzten duten sentipen sakon eta iraunkorraren azpian desagertzearena, bere poemetan maiz azaltzen diren udako hareen artean bezala.

Andrederen liburu batetik bestera igarotzen garenean, badirudi ez garela etxez aldatu, lehengoak diren korredoreak zeharkatzen ari garela, ezagunak zaizkigun atsegin eta askatasunez. Mundua dakusagu orduan Andraderen leihoetatik, gure gainetik ziztuan doazen paseko hegaztiak eta etxearen parean zutik dirauen zuhaitza, zelaiak elikatzen dituen errekasto bihurria eta eguzkiaren azpian desegiten ari diren lainoen aztarna pisugabeak. Arina, zamarik gabea baita Andraderen poesia, egileari arrotz zitzaion elur mutua bezala. Hitzek haizean eraman gaitzaketela sentitzen ahal dugu irakurriaz bat ("Ez dago soaren etxe bizia baino / ilunabar aldean / ez dago / hitzen xendra ia goibela baino").

Bere liburu bakoitza ez da ikuspegi edo idazteko modu berri baten atari, aurrekoaren jarraipena baizik, gaurko eguna atzoko luzapena den era berean; argitasunaren zikloak soilik bereizi ohi ditu, hitzen jarioa orrialdeek bezala. Poetak, hala dirudi, ez zituen artearen jostailu berriak asmatu nahi, baizik eta barnetik -edo kanpotik- iristen zitzaion hitz korrontea modurik biluzienean eskaini. Ez zen asmo makala. Erraztasunaren oinarri konplexuak aurkitu eta menderatu zituenean, bere poesiak naturarekin bat egin zuen: ez artisautza eta ez nahitaezko berrikuntzarik, bizitzaren igarotze xinple eta aberatsa bakarrik, gizona lurrarekin batu eta erabat nahastu arte (O outro nome da terra izenburua darama bere poesia-liburu batek). Arnasa bera ere poesia bihurtu zuen Andradek eta poesia, egunoroko arnasa. Jakintsua munduaren ikuskizunarekin kontentatzen den gizakia da, Ricardo Reisek esaten omen zuenez. Zertarako aldatu, orduan?

Ikuskizun amaigabe horren istant solte bezain errepikaezinez josita daude Andraderen testu beti laburrak. Octavio Pazek arrazoi bazuen eta hitz multzo txikiek, hots poemek, iraunkortasun gehiago badute nobela osoek baino, hor nonbait izango dira etorkizunean ere Andraderenak, denboraren zaratak hain erraz irentsiko ez dituenak. Izan ere, bere bertsoek ez dute zer ikusi handirik denborarekin. Gaurkoak izan daitezke, baina baita ere duela zazpi mendekoak, gizakiak ukitu ez duen lurra bezala. Edozein mendetako jakinduria eta munduari begiratzeko ahalmena biltzen baititu Andradek bere obran. Negura kaioen ezagatik heltzen garela badakigu, poetak zekien bezala, baina ez dakigu deus gehiago.

Bere poema baten hitzak erabiliz, Eugénio de Andrade antzinako zeru batetik etorri zen, fikziozkoa izan zitekeen batetik. Gure oroimenean ezabatuz doan neurrian, bere jatorrizko zeru isilera itzultzen ikus dezakegu, dagoeneko arintasunak baino errealitate gutxiago balu bezala edo hemen gelditzen garenok bere hitza merezi ez bagenu bezala.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_