_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Hitzen unibertsitatea

Bergarako idazle eskolak bigarren ikasturtea abiatuko du laster, literaturzaleak sortzaile bihurtzeko xedeaz

Umegorri direla hasten dira asko idazten, segida eskasa ala oparoa izango duten jakin gabe. Beste batzuek urteak pasata hartzen dute aurrenekoz luma eskutan istorioak asmatzeko. Ez dago, baina, adin jakinik idazteko, ezta metodologiarik ere. "Batzuk autodidaktak gara eta etxean egunean bost sei ordu eman ditzakegu lasai idazten eta irakurtzen. Askok, baina, ez dute barneko bake hori eta ikastaroak nahiago dituzte". Unai Elorriagaren erreflexio xumea da hori. Espaniako Narratiba Sari Nazionala irabazitako getxotarra datorren astean, lehen aldiz, idazle talde baten aurrean ipini eta literaturan pertsonaiak, espazioak eta denborak jorratzeko bideak azaltzen saiatuko da. Idazle sentitu edo bihurtu nahi duten literaturzaleak izango ditu pare-parean.

Idazleak ez ezik, gidoigile, irrati-esatari eta kazetariak trebatu nahi dituzte

Bigarren ikasturtea

Izan ere, Idazle Eskolaren bigarren kurtsoa hastear dago. Iazko esperientzia gozoa izan zen eta ikasleak eta ikasgaiak gehitu dira aurtengorako. Bergarako UNEDeko egoitzan, larunbat goizero, guztira 150 ordu urtean eta edozeinentzat, hori da eskaintza. Lizentziatuei eta diplomatuei dago zuzendua. "Zein esparrutik datozen begiratu eta Kazetaritzakoei lehentasuna ematen diegu", azaltzen du Tere Irastortzak, Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakariak.

Ikastaroak, EIErekin batera Bergarako UNEDek, eta Asmoz Fundazioak antolatu dituzte. Matrikulak 1.200 euro balio du eta urte amaieran "ikasle finenari beka edo saria" emango diote diru hori bueltatuz.

Guztira, 40ren bat lagun inguru arituko dira aurten. Lehenengo mailan, ikasgaiak amankomunak dira; bigarrena, aldiz, bi adarretan banatu dute: literatura eta administrazio-dibulgazioa. "Hasieratik ikusi genuen bi eremu daudela euskarazko idazketan: literaturarena, batetik, eta arlo teknikoa, dibulgazioa edota itzulpengintza,bestetik", azaltzen du Tere Irastortzak.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

EIEko zuzendaria bera irakasle lanetan arituko da: "Idazketarako baliabideak jorratuko ditut. Idazketa sormenarekin lotzea da helburua". Beste bi irakaslek sormenaren bideak eta argudiogintza jorratuko dituzte.

Bigarren mailarako irakasle kopurua dexente gehitu dute. "Baditugu izen ezagunak", azpimarratzen du Irastortzak. Izan ere, Unai Elorriaga eta Bernardo Atxaga bilduko dira Bergarara. Baina zerrenda luzeagoa da: Jerardo Elorza, Juan Martin Elexpuru, Jexux Izagirre, Alfontso Mujika eta Jose Ramon Etxebarria, besteak beste.

"Gauza berezia da ikastaro hau. Nik literatur tailerrak behintzat ezagutu ditut. Bergaran, teoria baino praktika ugari egingo da. Helburua jendea, idatziz trebatzea da". Halaxe dio Unai Elorriagak. Duela aste batzuk Santanderren izan zen Torino hiriko italiar literatur-eskolako arduradunekin, haien aholkuak eta gomendioak arretaz entzuten. Etxean ere ari da lanean, bestela ere: "Pertsonaiak edo espazioak zein modutan tratatu behar diren; horrekin nabil buruan".

Honekin guztiarekin, ordea, aterako al dira idazle berriak eskolatik? Elorriaga baiezkoan dago, aukera handiak ikusten ditu behintzat gidoilari, irrati-esatari edo gazeta-kazetariak sortzeko.

Euskara eta euskal literatura lantuko dute, beraz, Bergaran. Hala ere, Elorriagak gauza bat argi dauka: "Euskaraz idazteko, euskaraz irakurri behar da, baina ondo idazteko denetik edan behar da. Eta guk abantaila dugu elebidunak baikara".

Lehen ikasturtean, Tere Irastortzak Sartre eta San Agustinen obrak planteatu zituen, beste batzuen artean. "San Agustin latinez irakur daiteke baina euskaraz ere itzulita dago. Dena den, ajea daukagu euskaraz, berez, gutxi irakurtzen delako eta aurten eskolan arlo horri bultzada eman nahi diogu", dio. Hori bai, irakurketarekin gozatu egin behar dela azpimarratzen du: "Liburu onak irakurle onek egiten dituzte".

Ikasteko eta jostatzeko

Idazle Eskolako ikasleek Luma berrien eleak deritzon aldizkaria eman zuten argitara iaz. Elkarrizketa, iritzi artikuluak eta analisiak tartekatzen dira bertan eta aurten beste bi ale kaleratzekotan dira. Gainera, ikastaroaren zati bat Internet bidez garatzen da. Testuak sarean jarri eta ikasle guztiek elkarren lanen berri dute, gero auzolan moduan zuzenketak egiteko. Horietako bat Isabel Etxeberria da. Ikasle honek oso ondo ikusten du sistema hau, nahiz eta aitortzen duen "zaila" dela "aldamenekoari zuzenketak egitea". "Konfiantza hartzen bagoaz piskanaka piskanaka". Unai Elorriagak dioen bezala, Isabel bera ez omen da gauza bere burua idaztera behartzeko, akuilu bat behar du. "Alperkeriari ihes egiteko eskolaren maiztasuna ondo baino hobeto datorkit. Irakasleek helburu zehatzak ipintzen dizkigute eta etxeko lanak izanda errazagoa da idazten jardutea", aitortzen du. Gaztetan, 13 bat urte zituela hasi zen letrak paperetan biltzen, baita lehiaketa batzuetara aurkezten ere. "Zaletasuna banuen eta betidanik egin beharrekoa nuen idazketara itzultzea. Eskolarena ikusi nuenean ez nuen dudarik egin". Gainera, lanerako ere lagungarri gertatuko zaio, ziurrenik, argitaletxe batean duelako beharra, testuak zuzentzen eta bestelako lanak egiten. Baina garbi dauka beste motibazio guztien gainetik "disfrutatzeko" hasi dela abentura honetan.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_