_
_
_
_
_
Entrevista:IÑAKI IRAZABALBEITIA ELHUYARREKO LEHENDAKARIA

"Zientzia aitzindaria izan da euskararen normalizazioan"

Euskararen normalizazioaren alde mende laurdenetik gora darama lanean Elhuyar Kultur Elkarteak. Bere jarduerari esker, zientzia arloan erreferentzia bihurtu da euskaldunentzat. 25 urte bete berri dituen Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariari hitzaldi, irratsaio, argitalpen eta bestelako zerbitzuak gehitu zaizkio; eta gazteei zuzentzen zaien publikazio bat da apustu berrienetakoa: Gaztelhuyar, Iñaki Irazabalbeitia Elhuyar Elkarteko lehendakariak azalduduenez.Galdera. Euskaraz zientzia gaiak jorratzen hastea ez zen erraza izango.

Erantzuna. Oso tradizio txikia izan du gure artean, euskararen historian bertan kokatzen diren arrazoiengatik. Duela gutxi arte ez dugu unibertsitaterik izan Euskal Herrian, eta tradizio zientifikorik ere ez da egon. Horrek ez du esan nahi ikerlaririk egon ez denik, baina oro har ez dute euren lana hemen egin, Elhuyar anaiek XVIII. mendean egindakoa salbu. Gainera, Gerra Zibilarekin euskal kulturaren alor guztietan eten bat sortu zen. Elhuyar euskal berpizkundearen testuinguruan sortu zen, ikastolen mugimendua zabaltzen ari zen momentuan... ingeniari batzuk euren gaiak euskaraz jorratzeko hartu zuten erabakiaren ondorioz.

G. Normalizatu gabeko esparru bat izango zen orduan.

E. Hasieran zailtasunak izan zituzten, noski. Hizkuntza alor guztietan normalizatu gabe zegoen. Euskara batua jaio berria zen eta momentu hartan lau arautxo zeuden. Ingeniari hauen egiteko moduak gainera haustura bat suposatu zuen gerra aurreko tradizioarekin. Purismo hari uko egiten zitzaion eta askoz ere euskara errealistagoa erabiltzen hasi ziren, kaleko hizkuntzarengandik eta nazioarteko joerengandik gertuago. Azken finean, zientziaren hizkuntza neurri handi batean nazioarteko hizkuntza da, erro grekolatinotik sortutako hitzak dira, hizkuntza gehienetan eta, are gehiago, gure ingurukoetan erabiltzen direnak, gaztelania, frantsesa eta ingelesean. Horrek erraztu egin zuen.

G. Nolabait orduan, zientzia aitzindari izan zen.

E. Beste eremuetan normalizazioa abiatu gabe zegoenean, zientzia munduan irizpide asko jadanik finkatuta zeuden. Esate baterako, formulak irakurtzeko moduak baditu hogeita bi edo hogeita hiru urte, orain denok ezagutzen dugun bi gehi bi berdin lau horrek. Fisika, Kimika eta Natur Zientziako hiztegiek ere hogei urtetik gora dute. Esan daiteke, beraz, zientzia eta teknologiaren hizkera normalizatua aitzindari izan direla, bi ezaugarrirekin. Batetik, inguruko hizkuntzek egiten zutenari begiratzen zitzaiola, bereziki ingelesari. Eta bestetik, orduko terminologia eta esamoldeak landu zituztenak zientzialariak beraiek izan zirela, horretan lanean zebiltzanak, euskaraz lanean gainera, formula berrien egokitasuna egunero frogatuz.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

G. Hizkuntzalariek zein paper dute honetan?

E. Hizkuntza normalizatuetan arlo batean dabiltzanek egiten dute horri dagokion hizkuntza. Atzetik datoz gero finkatutako esamoldeak jasoko dituztenak eta hiztegietan sartu, ondo edo gaizki dagoen eztabaidatu gabe. Gure artean ez da hori gertatzen. Hemen hizkuntzalariek, komunikabideetako hizkuntza arduradunek, hizkuntzalariek eta Euskaltzaindiak uste dute eskubidea dutela teknolekto bat egokia den ala ez erabakitzeko.

G. Kasu konkreturik aipa zenezake?

E. Adibide bat jarriko dut. Ingurugiro-ingurumen; Euskaltzaindiak orain ingurumen bultzatu nahi du, itxuraz Iparraldean erabiltzen den hitza. Baina ingurugiro ondo dago eta Euskaltzaindiak aspaldian onartua. Hegoaldean behintzat, guztiok ingurugiro erabiltzen dugu duela hamabost urte, administrazio publikoak izen hori jarri die bere sailei eta eskola liburuetan ere hala dago. Baina etorri da Euskaltzaindia eta ingurumen bultzatzen du. Pentsa jadanik finkatutako hitza aldatzeko zer nolako lana eta gastu ekonomikoa izango den!

G. Zein da jarraitu beharreko bidea?

E. Jendea ez da konturatzen zientzia eta teknologiaz hitz egiteko oinarriak orain dela hogei urte jarrita daudela. Hori dela eta ez dute ikusten hor daudela pistak bide berriak jorratzeko euskaraz hain garatuta ez dauden alorretan.

G. Zein izaten da modua?

E. Lehenengo badagoena ikusten da, zer egin den antzekoa. Horrek pista ematen dizu. Beste modua inguruko hizkuntzek egin dutena kontutan hartzea da, frantsesa eta gaztelaniak.Arazoa beste bi hauek ados jartzen ez direnean agertzen da. Zalantza handiak daudenean, fonetika aldetik euskararen antzeko diren hizkuntzatara jotzen da. Garrantzitsuena jendeak elkar ulertzea da.

G. Gaur egun zientzia gaiei buruz jatorriz euskaraz idazten al da?

E. Bai, noski, eta momentu honetan gainera badaude euskaraz baino eskolak ematen ez dituzten irakasleak, batzutan testuak sortu, besteak ingelesetik zuzenean itzuliaz. Elhuyar-en lehen garaietan, laurehun bat orrialde argitaratzen ziren urtero zientzia gaien inguruan euskaraz. Gaur aldizkari, testu liburu, tesi eta beste kontuan hartuta, milaka orrialde dira.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_