_
_
_
_
_

Erromesen begirada xumea aurkezten du José María Tudurik Santiago Bideaz egin duen argazki erakusketan

Santiago Bidean era guztietako paisaiak topa daitezke, guztiak beraien modura ederrak. Nafarroa edota Galizia aldeko mendi eta baso hezeetatik hasi eta Gaztela-Leongo lautada gogor eta lehorretaraino, argazki bikainak lor daitezke ibilbide osoan zehar. José María Tuduri (Tolosa, 1949) argazkilariak, berriz, bidaia honek duen berezko erromes kutsua ardatz hartuta, Santiago Bidearen ikuspegi xumea eskaini nahi izan du. "Irudi eder eta xarmantetatik ihes egin nahi izan dut", dio berak. "Adibidez, ibilbidean zehar dituzun zubi edota elizak ez zitzaizkidan interesatzen, ez eta ikusten diren egunsenti zoragarriak ere. Nire asmoa Santiago Bideak duen erromes izaera nabarmentzea izan da, abentura honetan parte hartzen duten erromes guztiei omenaldi beroa egitea, hain zuzen", gaineratzen du. Txuri beltzean eginiko 43 argazkiz osaturiko Tuduriren erakusketa zabalik dago pasa den ostiraletik Tolosako Aranburu Jauregian.Iaz osatu zuen Tudurik Santiago Bidea. Orreaga eta Galiziako hiriburuaren arteko ibilbidea osatzen, guztira, 27 egun behar izan zituen, Burgos eta Leonen atseden hartu zuelarik. "Txikitatik bizi izan dut Santiago Bidearen kontzeptua", dio. Hala ere, motxila bizkar gainean jarri eta oporretan makina bat kilometro egitea ez da askotan erabaki erraza izaten. "Zoritxarrez, beste opor klase batzuetara ohituta gaude. Horren gertu izanik, gehiengoak Santiago Bidea ez ezagutzea penagarria da", azaltzen du berak.

Orreagatik bakar-bakarrik irten zen arren, ibilbide osoan zehar lagun onak egin ditu. "Santiago Bidea egiten dugunon artean harreman xumea baina berezia sortzen da. Nortasun, arraza eta izaera desberdineko pertsonak topatzen dituzun arren, guztien artean sortzen den lotura handia da. Esaterako, Logroñon, 28 lagunez osaturiko koadrila osatu genuen, eta behar zuenak gainontzeko guztien laguntza zuen. Horixe da Santiago Bidearen izpiritua: guztion apaltasuna". Horrexegatik, Santiago Bideaz ohiko postalak azaldu beharrean, erakusketa honetan "paisaiak baino pertsonak, erromesak dira protagonista nagusi. Batzuen ustez, Santiago Bidearen ikuspegi partziala izan daiteke nik osatu dudana, baina niretzat hauxe da ikuspegirik garrantzitsuena", dio argazkilari tolosarrak.

"Argazki makina zaharra"

Hasiera batean, Tudurik ez zuen inolako erakusketarik osatzeko asmorik. Zinea eta argazkilaritza denez bere ogibidea, bidaia honetan etxean duen argazki makinarik zaharrena -"eta gutxien pisatzen duena", bere esanetan- eraman zuen. Guztira, 500 argazki baino gehiago egin zituen eta guztiak ikusterakoan piztu zitzaion erakusketa osatzearen ideia, erromesei eginiko omenaldi baten modura.

Ildo honetan, gustura dago erakusketak izan duen harrerarekin. Zabaldu zenetik, erromes ugari topatu izan du Tudurik argazkiak ikusten. "Gehientsuenek barre egin dute argazkien aurrean. Azken finean, erakusketak hilabete osoan zehar gertatzen diren une txiki horiek agertzen dituelako. Erromesek argazkietan ikusten dutena ulertzen dute, ekintza horietan ikusten dute beraien burua", dio.

José María Tuduriren erakusketa pasa den ostiralean zabaldu zen eta hil honen 15a bitarte izango da ikusgai Tolosako Aranburu Jauregian (asteartetik ostiralera, eta arratsaldeko 17.30etatik 20.30etara). Tolosa utzi ondoren, erakusketa honen hurrengo parada Lizarra izango da.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_