_
_
_
_
_
Reportaje:

Zinemaldiaren erraiak

Donostiako 47. Zinemaldiaren lehendabiziko egun hauek gogoz hartzen ditugu. Film ugari ikusteko aukerak gure pazientzia zabaltzen du, sarrerak lortzeko hilaran gaudenean. Urtero bizi dugun zeluloidezko zirko honetan, filme, katalogo, promozio orri, poster eta abarrak gosez kontsumitzen ditugu. Aurten badago gainera berrikuntzarik. Kursaal-eko kuboak bilakatu dira Zinemaldiaren sinbolo berria. Victoria Eugenia antzokiaren ardo koloredun tertziopelo eta naftalina usaineko glamourra, beiraz jantzitako harkaitzen ikutu moderno eta europearrarengatik aldatu da. Gutariko gehienentzat Zinemaldia Irailaren 16an hasi eta 25ean bukatzen da. Badago hala ere gutxiengo berezi bat, zeinentzat ez dagoen etenik. Hamar egun eskasetan Donostia zinearen hiriburu mundiala bilakatu ahal izateko, filmotekako xagutxo hauek urte guztian zehar egin behar dute lan. Horien artean, Zinemaldiko zuzendaria den Diego Galán dago. Paul Bowles-ek heriotza itxaroteko aukeratu zuen Tanger hirian jaio zen zinezale honentzat, Zinemaldiak urte guztian korritutako maratoi baten azken sprintaren itxura du ziurrenik. Ikusleak helmugan pilatzen gara azken metroak ikusteko, baina aurretik 40 kilometroak bete behar dira, eta bakardadean ia beti. Munduan zehar antolatzen diren zinemaldietara joan, filmoteka ezberdinetako proiekzio aretoetan filmak ikusi; azken finean, ikuslego guztiak asetuko dituen zeluloide berritzaile eta interesgarriaren bila bazterrak nahasten ibili. Guzti honen adibiderik argiena, iaz antolatu eta aurten ere ikusgai dagoen italiar komedia zikloa dugu. Atal hau prestatzen lanean jardun den Xabier Portugalek azaldu dizkigu Booma italiar erara zikloaren nondik norakoak. "Iazko Pan, Amor y Fantasia zikloari jarraipena eman nahi izan diogu. Iaz 45-60 urteetako gudaosteko komedia aztertu genuen, eta aurten 60-78 urte bitartekoan eginikoak daude ikusgai. Helburua italiar zinemak bere gizartearen garapena eta aldaketak nola isladatu dituen azaltzea da". Horretarako, Erromara joan, film ugari ikusi eta aukeraketa egin beharra dago. "Garrantzitsuena aukeraketa aproposa egitea da. Bi alor hartu behar dira kontutan: kalitatea eta esanguratsua izatea. Ez dira filme onenak aukeratzen, esanguratsuenak baizik. Zikloaren helburua bete behar duten filmeak aukeratu behar ditugu". Pelikulak behin eta berriro ikusi eta aztertu ostean, filmeen analisi eta laburpenak egiteko garaia iristen da. Proiekzioekin batera, helburuetako bat etorkizunean lan horren emaitza izango den liburua argitaratzea da. Liburuen eta Zinemaldiaren irudi orokorra Art & Mañako-en eskuetan dago azken urteotan. Eta ez da batere lan erraza urtero Zinemaldiari mozorroa jaztea. Aurten, milurtearen amaiera eta Zinemaldiaren gunearen aldaketarekin batera, irudi berezia bilatzen saiatu dira. Garai baten amaiera eta bestearen jaiotzari begira, gorria izan da karteletan nagusitu den kolorea. Arratseko eguzkiaren kolorea, nonbait. Baina afitxe eta kartel nagusi eta ikusgarriez gain, bestelako lan itzela egin beharra dago. Katalogoak prestatzeko informazio grafiko eta fotografikoaren pilaketa, lehen aipatutako ziklo liburuak maketatu beharra, txartelak prestatu... Zeluloidearen festa baino, zine grafikoaren festibala dirudi askotan Donostiakoa. Ekoiztetxe eta banaketa enpresa ugarirekin egin du lan Marian Fernández Pascal ekoizleak. Zinemaldiko aretoak baino hobeto ezagutzen ditu bulego eta salerosketa guneak. Zinemaldia ekoiztetxe eta banatzaileentzat zine industria mugitzen duten hartuemanetan burubelarri jarduteko garaia izaten da. "Mundu osoko zinemaldietan erosten dira filmeak, eta ondoren Donostiakoa bezalakoetan sartzea da helburua, filmeak promozioa eta publizitatea lortu dezan. Sekzio Ofizialean sartzeko borrokatu beharra dago, eta hala ez bada, Zabaltegin. Lortu ezkero, garrantzitsuena berehala banatzea da, Zinemaldiaren bultzada aprobetxatzeko". Truke giroa Banatzaileak Zinemaldiaz profitatzen diren moduan, Zinemaldiek ere ateratzen dute etekinik. "Adibidez, Cannes edo Venezian arrakasta lortu duten filmeak banatzaile hauen eskuetan badaude, orduan zinemaldia izango da filme horiek programatzeko interesa agertuko duena. Filme hau edo beste programatzeak prestigio handia eman dezake". Ez da zaila beraz, zinemaldiaren antolakuntza eta industriaren artean trapitxeoak daudela irudikatzea. Azken finean, zinearen mundu hau, ein handi batetan, erlazioen mundua da. Askoz jende gehiagok egiten du lan Zinemaldiaren erraietan: filmeetako protagonistaren elkarrizketak prestatu eta komunikabide guztiei euren produktua ahal den moduan saltzen duten prentsa arduradunak, azafata eta azafatoak, gela txikietan sartuta lan egiten duten proiekzionistak, kazetariak... Kursaal-ari pintura usaina dario oraindik. Bart, norbait, azken unerarte brotxarekin lanean egon zenaren seinale. Zoriontsuak, Zinemaldira filmeak soilik gozatzera joaten zaretenok!

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_