_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Udaren azkena

Udaren azkena ez da udazkena, baina izan liteke udazkena bezain berri eta argi. Udaberria ere ez da uda berritua. Ez da udaren hasiera, ez hasieraren uda ere. Aroak elkarren jarraian doaz, bakoitza bere bidetik, amaieraraino, zeinek zein harrapa eta suntsi, zeinek zein gainetik pasa eta fundi, zeinek zein gailendu eta bazterrean laga. Egia bada mundu guztiak mundu honetan sartuta daudela eta urte bakoitzak urte guztien ispiluarena egiten duela, aro batean aro guztiak bizi dira, kabitu ezinik, errenditu ezinik, izateke izanik.

Udaren azkena ere badoa bere bide mehar estutik, eguraldiak, naturak edo naturaren aldarteak jarritako tunelaren azpitik, bere azkentzera. Berarekin dakartza orain arte izan ez diren sentipen, zirrara eta irudipen multzoak, haizearekin batera askatu direnak eta badoazenak, bakoitza nahi duen erara, airera libratutako uso zuri zalapartariak balira bezala. Udaren azkena ez da, ordea, udazkena bezain tristea. Askoz tristeagoa da, askoz ñabarragoa, askoz nahasiagoa da oraindik. Tristeagoa da bakardadea, baldin eta atseden nahian aukeratua ez bada. Ez zaio ez hasiera ez amaierarik ikusten. Ez du.

Udazkena, kristalezko panpina bezain hauskorra da, sagar saskia bezain biguna. Gauza askotara ohi gaitezke. Gezurretara ohi gaitezke, eta ohitu gara, ohitu garela jakiteke. Zeruak, lurrak eta itsasoak erakusten dituzten koloreak gezurretakoak dira, kanpoko argiak eragindakoak gehiago, barneko suak eta bizi nahiak sortutakoak baino. Udazkena ere gezur hutsa da, hilgura diren gauzek janzten duten mozorro ilauna, eta hunkigarri bazaigu, gu ere, neurri handi eta zehatz batez, geure buruaren engainatzaile garelako da. Gu ere hilkor eta mozorrodun gara. Ohi gaitezke egiara ere, haren hezurdura gorrira. Egia biluzik dabil eta, beharbada horrexegatik, da ikusezin.

Nekez ohitzen gara, ordea, bakardadera. Nekez onartzen dugu gure ezaugarri mugatuen artean. Ez da bakardadeak fama ona edo fama txarra izanagatik. Fama ere bakarrik dabil munduan, bere geziaz nor joko no ez joko. Hain da bera kanpokoa, ezen barneratuz gero ezezagun bihurtzen baita, udazkena bezain arrotz eta ezdeus. Famak ez du sostengurik, norberaren desira eta irrika basotik kanpo.

Bakarrik egon nahi eta ezin egon bakarrik, eta bakarrik egon nahi ez denean ezin kendu bera ondotik, edo gainetik. Horra hor bakardadearen paradoxa eta ironia. Udan elkarrekin bizi ohi diren gizon edo emakumea bata bestea gabe gera daitezke, sasoiko egoeraren batengatik. Bakarrik geratu den gizon edo emakumeak irudika dezake, irudikatzea beste borondaterik behar ez duen ekintza baita, bere bizitza ez den bezala, sekula izan ez den eta sekula izango ez den bezala, bestea, adiskide, maitale edo gogaide, ez balego bezala, denboraren hasieran alegia. Hasieran bizi dela irudikatzearekin batera bera ere hasierakoa dela sinets dezake, bortizkeriarik gabe. Engainu txiki ahula baino ez da, engainu arin bezain kaltegabea. Ezinezkoa baita hasierara itzultzea; ezinezkoa den bezala, izan ginena berriro izatea. Udan bakarrik geratzen den gizon edo emakumearentzat bakardadea opor zaio, askatasun moduko bat, sorrera data bainoago iraungitze eguna zigiluan daramana. Badaki, edo pentsatuz gero jakingo luke, trikimailu baino ez dela, jolasa, azken finean. Benetan hasieraraino joan nahiko lukeenak amaitu beharko luke hasieraraino joatea eragozten dion egoerarekin. Ez da halakorik egiten. Ez dago berriro hasierara joaterik, hasiera amaieran dago eta.

Udazkena sagar, intxaur eta gaztainaren udaberria da. Eguzkia ere zalantzazkoa dirudi, baina irudipenetik egiara tarte handia dago, izar batek egunero egiten duen ibilbidea. Eguzkiak zalantza izango balu, itzali egingo litzateke eta hil. Udazkena itzaliz doan uda edo piztutik datorren negua da, ez dakit. Intxaurrak eta gaztainak beren baitatik atera dira. Lurrera erori eta zelai berdean zabaldu dira, zer diren erakutsiz, hainbeste denboratan gorderik egon ondoren, ez ezkuturik.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Udazkena, biziaren hasiera da.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_