_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Zeruan ere euskaraz

Joseba Salegik zuzenduriko filmak bigarren estreinaldi bat izango du asteburu honetan. Euskal Herrian ezezik, Madril, Bartzelona eta Valentzian lehendabiziko aldiz estreinatu bada ere, Ione, sube al cielo bigarren aldiz ikusteko aukera izango dugu areto gutxi batzuetan. Estreinako aukera azaroan izan genuen. Oraingoan, hala ere, ezberdintasun txiki bezain garrantzitsu batekin iritsi da aretoetara: Ione, cielo-ra beharrean, zerura igotzen dela. Alegia, euskarazko bertsioa dela estreinatzen dena.Ione, igo zerura filma zineari buruzko zinea da. Moja orden baten fundatzailearen bizitza islatuko duen film bat egiteko, zinemagile talde bitxi bat komentu batean emango ditu hiruzpalau aste. Denbora horretan mojen mundu erlijiosoa eta zinemagileen joera paganoek talka egingo dute. Hala ere, komentu barruko ika-mikek ez dute ezberdintasun handia kanpotik datozen zinegileen arazoekin. Maitasuna, inbidia, desioa, gaizkiulertuak..., guztiak bat egiten dute pelikula honetan. Eta Joseba Salegik ezagutzen ditu filmaketetan bizi diren egoera guzti horiek, 20 urte baitaramatza zine laguntzaile bezala lanean. "Proiektuak gora behera asko izan ditu. Gidoia aspaldian idatzitakoa da, baina une egokia iritsi arte itxaron dut. Eta horrek mesede egin dio istorioari. Pertsonaiak borobildu eta sakontzeko denbora izan dut", dio Joseba Salegik.

Bertako lan-taldearekin lan egin nahi izan du gainera Salegik, "profesional asko eta onak badirelako hemen". Aurrekontu eskas batekin, Ione, igo zerura filmeko lan-taldeak soldata murriztu eta filmaren ekoizpenean ere parte hartu du. Ezbairik gabe, zinea erlijio denean soilik jar daiteke pelikula hau egiteko beharrezkoa den kemena. Zuzendariak bere bokazioaz hitz egin nahi zuen bere estreinako luzemetraian. "Zinea egiteko modu berria aldarrikatu nahi dut. Zinea ogibide bat da. Nik zinea lanbidetzat hartu duen jendearen inguruan egin nahi nuen filma", dio zuzendari nafarrak. "Eta zine langileak askotan erlijio baten moduan hartzen du bere lana. Ione, igo zerura horren froga da. Ekoizletik hasi eta azken laguntzailea arte guztiok egin dugu lan ilusioz eta fedez".

Aktoreak ere talde horretan sartzen ditu Joseba Salegik. Beste batzuen artean, Anabel Arraiza, Kike Díaz de Rada, Martxelo Rubio, Klara Badiola, Esther Esparza eta Mario Pardo aktoreek antzezten dituzte komedia honetako paper nagusiak. Zinegile altsasuarrarentzat aktoreekin egindako lana da filmaren arrakastarik handienetakoa: "Aktoreekin antzerki obra batean izango bagina bezala aritu gara. konpainia zinematografiko baten modukoa eratu dugu. Pertsonaiak landu eta sakondu ahal izan ditugu, merkatuaren arauak bazterrean utzita. Eta filman lan hori asko nabari da", gaineratzen du Salegik.

Euskaraz bikoiztua

Besteak beste, Usurbilgo Urbil zine aretoetan, Ione, igo zerura euskaraz estreinatuko da gaur. Eskertzekoa da ikuslegoak zinea euskaraz ikusteko aukera izatea. Amorru apur bat ematen duena, aldiz, ikuslego euskaldunak jasan behar izaten duen errespetu falta da. Pelikularen jatorrizko bertsioa gazteleraz izanik, areto komertzialetan euskaraz estreinatu behar dena bikoizturiko kopia da. Eta ez da bikoizketa eredugarria, gainera. Pelikula hankamotz geratzen da hasiera-hasieratik: elkarrizketen naturaltasun falta eta efektu eskasiak, esaterako, ez dio inongo mesederik egiten. Ikusleez gain, zuzendariak eta aktoreek eginiko lanak ere errespetua merezi du. Euskal Telebistak euskaraz eskaintzen dituen filmak ikusteko ohitura duenak jakingo du zertaz hitz egiten ari garen.

Jatorrizko bertsioen aldekoak garenok ere askotan bikoizketaren beharraz jabetzen gara. Argi dago, filmen bat gozatzeko modurik egokiena pelikula hori jatorrizko bertsioan ikustea dela. Hala ere, eta beste herrialdeetan ez bezala, gurean bikoizketaren kulturan hezi gara, eta guztiz deserosoa egiten zaigu pantailan irakurtzen jardutea. Horrexegatik dira beharrezkoak -gehienbat haurrei zuzenduta- pelikulak euskaraz bikoiztea. Bestetik, bikoizketaren arazoak konponbide erraza izango luke bertako filmak euskaraz egiten ahaleginduko bagina. Bikoiztaileek izango dute lana jatorriz euskaraz eginiko filmak beste hizkuntzetara bikoizten.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Jatorrizko bertsioa

Bikoizketa eta jatorrizko bertsioaren inguruko eztabaida ez da berria. Sobietar Batasunetik inbasore gorriak Pirinioak trenez gurutzatu ez zitzan, Francok Espainiako trenbideen neurria aldatzea erabaki zuen. Garai berean, bibotetxodun agintariek kanpotik zetozen filmak bikoiztea erabaki zuten, atzerriko hizkuntzak espainiarren izaera kutsa ez zezan.Ondorio ugari izan ditu erabaki horrek. Alde batetik, hizkuntza atzerritarrak ez ezagutzea, eta bestetik, bikoiztaile eskola bikaina sortzea. Euskal Herrian -nahiz eta batzuk oraindik etxeko komunean lan egiten dutela dirudien- bikoizketaren mailak gorantz egin du. Atzerritik datorren zinema bikoizten jarraituko denez, bikoiztaileek ez dute langabezia pairatuko, eta horrexegatik bultzatu beharrekoa litzateke bertako ekoizpenetan, behintzat, jatorrizko bertsioa.

Bi hitzetan esanda: euskaraz eginiko filmak! Euskaraz ekoiztutako laburmetraiek izan duten arrakasta ikusita, bada garaia euskarak luzemetraietara ere saltoa ematea.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_